Milioi erdi ibarreko toki erakundeendako

Guaixe 2026ko ekainaren 24a

Zuhatzuko kontzeju etxea. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak populazioaren eta sakabanaketaren arabera banatu du Determinazio Libreko Programako dirua.

Tokiko Inbertsioen Planaren esparruan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onartu du Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzari aurten dagozkion zenbatekoak. Kopuruak populazioaren eta biztanle guneen sakabanatze geografikoaren arabera finkatzen dira. Udalerri konposatuek eta bere kontzeju interesdunek hilabete dute jakinarazteko dirulaguntzaren jasotzailea eta onuraduna udala den. Sakanako toki erakundeek guztira 529.112 euro jasoko dituzte. Kopuru horren %12,06 kontzejuendako izanen da, 63.850,05 euro hain zuzen ere. Gainontzeko 465.262,16 udalendako da. Toki erakundeek dirua urteko hirugarren hiruhilekoan jasoko dute. 

Dituzten beharren eta lehentasunen arabera, udalerri eta kontzeju bakoitzak erabakiko dituen inbertsioak egiteko erabili behar dira dirulaguntzak. Toki erakundeek zenbait urtetako dirulaguntzak batu ditzakete hala inbertsio handiagoak egiteko aukera izateko. "Horrela, tokiko erakundeen autonomia indartzen dugu, lurralde kohesioa eta tokiko azpiegiturak bulkatuz", esan du Jesus Maria Rodriguez zuzendari nagusiak. 

Nafarroako Gobernuak banatuko dituen 10,7 milioi euroren %4,94 jaso dute Sakanako udal eta kontzejuek; sakandarrak herrialdeko biztanleriaren %3,02 gara.

Toki erakundeek Determinazio Libreko Programatik jasoko dutena

UDALERRIA    Kontzejua Kopurua

  • Arakil 45.947,07
      • Aizkorbe* 0,00
      • Urritzola 2.438,64
      • Errotz 3.429,65
      • Izurdiaga 5.884,67
      • Etxeberri 3.609,84
      • Egiarreta 4.105,34
      • Etxarren 5.591,87
      • Ekai 2.731,44
      • Zuhatzu 2.889,10
      • Satrustegi 3.114,33
      • Hiriberri Arakil 4.488,24
      • Ihabar 4.961,22
  • Irurtzun 47.130
  • Irañeta 20.614,02
  • Uharte Arakil 41.666,54
  • Arruazu 20.614,02
  • Lakuntza 41.228,06
  • Arbizu 41.228,06
  • Ergoiena 18.805,71
      • Lizarraga 7.401,73
      • Dorrao 6.196,24
      • Unanu 5.207,74
  • Etxarri Aranatz 51.640,41
      • Lizarragabengoa 1.800
  • Bakaiku 20.614,02
  • Iturmendi 20.614,02
  • Urdiain 35.326,12
  • Altsasu 61.842,08
  • Olatzagutia 41.228,06
  • Ziordia 20.614,02
  • Sakana 529.112

    *Aizkorbek ez du kontzejurik, udalak kudeatzen du.