Izabak XX. Camille Extreme hartu zuen ekainaren 14an (32 km, 2.044m+). Pirinioetako lasterketa ezagunean Ezkaurre (2.047 m) mendi ikusgarria igo behar da eta hori ezin erakargarriagoa da mendi korrikalariendako. Horren isla, 434 korrikalarik hartu zuten irteera. Berarekin batera Canelle Trail (13 km, 900+) distantzia laburragoko proba jokatu zen, 232 korrikalariren parte hartzearekin, eta bezperan, 100 korrikalari Ardibidepikua Km Bertikalean (3,2 km, 800+) lehiatu ziren.
XX. Camille Extremeko errege-erreginak Asier Labairu burlatarra eta Irati Azkargorta iturmendiarra izan ziren. Sekulako bero sapari aurre eginez, lasterketa irabazteaz gain biek ala biek orain arteko errekorrak apurtu zituzten. Asier Labairuk 3:13:41eko marka ezarri zuen Camille Extremen, eta Irati Azkargortak 3:56:45ekoa. Eta ez hori bakarrik. Andorran bizi den iturmendiarrak Camille Extreme hirugarren aldiz jarraian irabazi du, orain arte inork lortu gabekoa.

Lasterketan Ezkaurre mendia nork azkarrago igo, hori ere neurtzen da. Gizonezkoetan Asier Labairu irabazlea izan zen azkarrena (37:50), eta emakumezkoetan Ilargi Perez (45:50). Irati Azkargortak laugarren denbora onena egin zuen (47:27).
Sakandarrak txukun aritu ziren. Tartean, Ander Unzurrunzaga Ganboa 36. sailkatu zen (3:50:57) eta Iosune Urra hamaikagarren emakumea (4:44:36).
Canelle Traileko irabazleak Iker Agirregabiria (1:10:24) eta Ainara Alcuaz (1:23:10) izan ziren, eta Ardibidepikua Km Bertikalekoak Aitor Ugarte (31:04) eta Leti Bullido (42:03).
Unzurrunzaga
Camille Extremek 20 urte bete zituen eta ezin hobekiago ospatu zuten. Lasterketaren bezperan Izabako Kirol Elkarteak omenaldi sorpresa egin zien Aitor Perez eta Gorka Bueno lasterketaren bultzatzaileei. Halaber, lasterketaren 20 urte hauetan irabazle izan diren korrikalariak gonbidatu zituzten omenaldira. Bertan izan ziren Ander Unzurrunzaga Iurrebaso beterano etxarriarra, 2005ean lehen edizioa irabazi zuena, eta Irati Azkargorta iturmendiarra (2024, 2025, 2026), eta haiekin batera Nerea Amilibia, Aitziber Ibarbia, Tofol Castañer eta beste. Ander Unzurrunza Iurrebasok aktibo eta primeran jarraitzen du. Camille Extremen parte hartu zuen hurrengo egunean 1 dortsalarekin, eta 79. sailkatu zen (4:11:02).
