1936ko estatu kolpearen ondoren hildako hautetsiei aitortza

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 18a

Antonio Goikoetxea Otegi alkatea, Isidro Zornotza Jorge eta Martin Somocurcio Albistur zinegotziak oroitarazten dituzte.

Frankisten errepresioaren ondorioz eraildako hiru hautetsi altsasuar oroitzeko hiru tupustarri daude Altsasuko udaletxeko atearen parean garagarrilaren 13az geroztik. Frankistek eraildakoen izen-abizenak, Altsasuko Udalean izan zuten ardura eta erailketa data ageri dira lurrean jarritako plaketan. Horiek jartzeaz eraildakoen senideen ardura izan zen. Bakoitzaren ondoan lore sorta eta kandela bana jarri zuten. Haiei aurreskua dantzatu zieten. 

Haien bidez Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak gertatutakoari ikusgarritasuna eman nahi dio, eraildako hiru hautetsien memoria gorde eta erreparazio ekintza izan nahi du. Hala adierazi zuen Jose Gutierrezek, elkarteko lehendakari ordeak. Azaldu zuenez, elkarteko kideek badakite Altsasura bueltatu beharko dutela, errepresio frankistak 28 altsasuar erail zituelako. Eta testuinguru guztiak kontuan hartu (erailketak, espetxea, frontea) 110 bat izan ziren hil ziren altsasuarrak. Ekitaldi xumean Javier Ollo Martinez alkatea, zinegotziak eta hainbat altsasuar izan ziren. 

Altsasun tupustarriak jarri ondoren, elkarteko kide batzuk Uharte Arakilen geldialdia egin zuten. Herriko seme alaben plazan dagoen Miren Ustarrozen eskulturaren oinetan loreak utzi zituzten. Horrela 1936ko kolpe militarraren ondoren errepresaliatutako ubertear guztiak gogorazi nahi izan zituzten. Uharte Arakilen: Silverio Astiz Lacunza alkatea, Silverio Astiz Ezcurdia (alkatearen semea) eta Victor Martirena Alegria erail zituzten.