San Ferminetako lau eta erdiarekin udako pilota jaialdietan bete-betean murgildu da katedra. Udako festetako torneoei beste klasiko bat batuko zaie: CaixaBank Mastersa. Pelota Pro Ligak Mastersa eta udako torneoak aurkeztu zituen ekainaren 23an Bilbon.
CaixaBank Mastersa bi mailatan jokatuko da, A Seriean edo lehen mailan, eta B Seriean edo promesen mailan. Txapelketa honetan Baiko eta Aspepelota enpresetako pilotarien arteko bikoteak osatzen dira.
B Seriean ez da Joanes Bakaikoa pilotaria ariko. Amiano-Gabirondo, Jaka-Eskuza, Murua-Eskiroz, P.Etxeberria-Landa, Peña II.-Loza, Zabala-Morgaetxebarria eta Zubizarreta IV-Bikuña izango dira lehiatuko diren bikoteak. Txapelketa uztailaren 16an hasiko da Amorebieta-Etxanon, eta Zallan despedituko da, urriaren 3an.
A Seriean, ordea, lehen mailako hiru pilotari sakandarrek jokatuko dute. Ezkurdiak Albisurekin osatuko du bikoa, Lasok Martijarekin eta Zabaletak Larrazabalekin. Beste bikoteak Altuna III-Imaz, Artola-Rezusta, Dario-Iztueta eta Elordi-Mariezkurrena II dira. Kasu honetan, txapelketa uztailaren 17an hasiko da Vianan, Dario-Iztuetaren eta Altuna-Imazen arteko partidarekin. Finalerdiak Nafarroa Arenan jokatuko dira urriaren 2an, eta finala toki berean, urriaren 4an.