Etxarri Aranazko osasun eremuko 11 herritan murrizketak egonen dira udan

Guaixe 2026ko ekainaren 29a

Etxarri Aranazko osasun etxea. ARTXIBOA

Lakuntza eta Urdiain arteko herriei eraginen die osasun profesionalen faltak. Zuzendariak gerta daitezkeen egoeren berri eman du eta herritarrei kontuan izan ditzatela eskatu die.

Toki erakundeei eta herritarrei zuzendutako gutuna zabaldu du Etxarri Aranazko osasun etxeko zuzendariak. Osasun eremu horretako arduradunak jakinarazi duenez, "bai mediku bai erizain falta dela eta, osasun arreta emateko orduan aldaketa batzuk egin behar izan ditugu udan, batez ere garagarrilean, garilean eta agorrilean".

Etxarri Aranazko osasun eskualdeko arduradunak jakinarazi duenez, "baliteke zure erizainak edo betiko medikuak beste lankideren bat ordezkatu behar izateak egun berean eta, beraz, beste kontsultategi batera joan behar izatea". Udan gerta litekeen beste bat da "herrietako kontsultategiak itxi behar izatea egunen batean, bertan betiko arreta emateko profesional nahikorik ez bada". Halakorik gertatuko balitz, "pazienteak osasun eremuko beste kontsultategi edo osasun etxe batera bideratuko dira". Zuzendariak argitu duenez, "administrariak jakingo du egun bakoitzean zein den barne antolaketa eta berak emanen ditu argibideak kasu bakoitzean". Gaineratu duenez, "baliteke egunen batean pediatrarik ez egotea, ezta pediatriako erizaina. Beraz, zuen haurrak helduen familia medikuek artatu beharko dituzte".

Lehentasunak
Osasun eskualdeko zuzendariak badaki "aldaketa horiek eguneroko osasun arretan sor ditzaketen ondorioak" zein diren, "baina gure esku dagoen guztia egiten ari gara horrek ahalik eta inpaktu txikiena izan dezan, eta kalitatezko arreta eskaintzen jarraitu dezagun". Horregatik herritarren "ulermena eta laguntza eskertzen" dituzte.

Jakinarazi duenez, "lehenetsiko dira itxaron ezin duten kontsultak eta saiatu beharko da ohiko analitikak eta urteroko errebisioak atzeratzen hilabete horietan". Aldi berean, osasun eskualdeko zuzendariak herritarrei eskaera egin die: "saiatu, mesedez, administrariei kontsulta arrazoi labur bat ematen, haiek bideratu ahalko dutelako ongien zein profesionalek eman dezakeen arreta zuzena". Azpimarratu dutenez, "administrarien lana ezinbestekoa da, eta halako kasuetan, are gehiago".

Zuzendariak gaztigatu duenez, "falta diren osasun langileen agendak berrantolatzen eta txandak kokatzen saiatuko gara egunero, aurrez emandako txandak eta kontsulta orduak normaltasunez jarrai dezaten". Azkenik, nabarmendu duenez, "urgentziazko arreta bermatuta egonen da une oro".