Ekainaren 18tik 21era Espainiako Eskola Arteko Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Torrejon de Ardozen (Madril). Infantilen eta kadeteen Nafarroako selekzioan bost sakandar zeuden. Infantiletan Javier Ramirez de Alda (Quesos Albeniz) eta Irei Sanchez (Sakana Group-Aralar), eta kadeteen mailan, nesketan Enara Perez eta Eider Razkin (Timac Agro Ermitagaña) eta mutiletan Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz). Gustura onartu zuten erronka.
Haurren mailako lineako lasterketan Fabian Garcia (Gaztela Leon) gailendu zen (27:26). Irei Sanchez 43. sailkatu zen (27:34) eta Javier Martinez de Alda 48. (27:34). Taldeka, Nafarroa hamahirugarren sailkatu zen.
Kadeteen mailan, mutilen erlojupekoan Ekaitz Zufiaurre hamabosgarren sailkatu zen (14:14), Euskadiko Daniel Diaz txapeldunetik (13:08) minutu batera. Kadeteen lineako lasterketan (43,22 km) Murtziako Juan Bastida gailendu zen (1:27:28). Ekaitz Zufiaurre, atzera ere, fin aritu zen, eta 21. postuan iritsi zen helmugara (1:28:02).
Kadeteen mailako neskek (35,83) perfil gorabeheratsuko etapa jokatu zuten. Euskadiko Noa Vega izan zen azkarrena (1:20:23); Enara Perez 33. postuan helmugaratu zen (1:20:30), eta Eider Razkin 54. (1:24:07).
Bestalde, uztailaren 2tik 5era Espainiako Eskola Arteko BTT Kanpamenduak antolatu dira Melillan, eta Nafarroako selekzioak hautatutako taldean Sakana Group taldeko Iñigo Otamendi dago.