Astekaria

Ipuinak eta bertsoak

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko uztailaren 2a

Lakuntzako Bertso ipuin inprobisatua saioa. UTZITAKOA

Bertso eskolak ipuin inprobisatu saioak egin zituen ikasturte amaieran.

Sakanako Bertso Eskolak ikasturte amaiera berezia izan zuen: Bertso ipuin inprobisatuak. Bi saio izan ziren, ekainaren 10ean eta 11n, Lakuntzako eta Etxarri Aranazko liburutegietan, hurrenez hurren. "Ideia hau abiatu genuen egin nahi nuelako ikasturte amaieran zerbait, emanalditxo bat, eta honek aukera ematen zigun bertso eskola desberdinetako haurrak areto batean egoteko", azaldu zuen Saats Karasatorre bertso eskolako irakasleak GUAIXE IRRATIko Bertso plaza saioan. Ikasturtean ere "saltsa sortu" eta hainbat ekimen antolatu dituzte, eta denendako eskaintza "txukun bat" egiten saiatu dira, "adin guztietakoa". 

Aurreko urteko ikasturte amaieran bertso-antzerki bat antolatu zuten, eta aurten Bertso ipuin inprobisatua. "Seguraski ez da izango berria, hemen dena asmaturik dago"; Sakanan, behintzat, lehenengo aldiz eign dute. Lan taldean aipatu zuten eta bertso eskolak eta bertsotan ari direnak elkartzeko eta saretzeko aukera ematen zuela ikusi zuten. 

Ipuinak, bertsoak eta inprobisazioa. "Aukera ematen du aurretik ere pixka bat lantzeko; hala ere, dena momentuan egin behar dute". Bertsolari gazte bakoitzari ipuin bateko pertsonaia baten papera egokitzen zaio, eta Karasatorre ipuin kontalaria zen, eta pertsonaiaren bati hitz egitea egokitzen zitzaionean bertsotan aritzen zen gaztetxoa, "pertsonaien arteko elkarrizketak bertso bidez dira, inprobisatuta". Aurretik ez zekiten zein pertsonaia egin beharko zuten, eta ipuinaren "norabidea" ez galtzeko Karasatorrek kontaketa egiten zuen, bertsolari gazteek osatzen zuten kontakizuna. 

Karasatorrek aitortu zuen, "ez naiz munduko ipuin kontalaririk onena", baina norbaitek hartu behar zuela paper hori; gainera, euskalkiak kontuan hartu zituen eta ipuinak horri begira moldatu zituen. 

Guztira, 23 bertsolari gaztek parte hartu zuten Bertso ipuin inprobisatua saioetan; hamahiru Lakuntzako saioan eta hamar Etxarri Aranatzen, "ekipazoak", Karasatorreren esanetan. 


Etxarri Aranazko Bertso ipuin inprobisatua. UTZITAKOA

Bertsolariak
Lakuntzan aritu ziren bertsolariak: Ainere Igoa,  Aner Arakauz, Euken Garziandia, Enaitz Ernaiz, Helene Zubeldia, Iradi Lanz, Lur Azpiroz, Malen Peña, Mattin Lazkoz,  Niko Mikeo, Oskia Nikuesa, Sara Bergara eta Xabier Arkauz. Etxarri Aranazko saioko bertsolariak: Asier Ribero, Hodei Mena, Ihintza Badiola, Jon Oraa, Kai Rener, Nahia Mazia, Olaia Leitza, Oneka Gastaminza, Xabier Erreka eta Xumai Izagirre. 

Sakanako Bertso Eskolako talde desberdinak elkartu ziren, beraz, ikasturte amaierako emanaldietan; denak Karasatorreren ikasleak. "Batzuk oso hasiberriak dira; Altsasuko taldean ikasturte hasieran hasi ziren batzuk, eta beste lau bigarren lauhilekoan hasi ziren, duela gutxi". Bertso ipuin inprobisatuan parte hartzera animatu ziren, "animatu dira eta gogotsu ikusi ditut. Jarrera aldetik gozada da". Bertsolari gaztetxoek erakutsi duten jarrera nabarmendu du bertsolariak: "izena emateko orduan, gauzak egitera animatu dira, gurasoak ere eramateko eta ekartzeko prest daude... Eskertzen da".