Gorritutako mendietako larreak abeltzainen kezka iturri dira

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 3a

Gorritutako larre bat Urbasan.

Mendian euria maiz behar da, bestela lehortu egiten da. Eta garai honetan lehortzen denean, egoera txarra da. Euririk egiten ez badu okerragoa izanen da egoera hilabete barru.

Kalda ederra egon dira azken asteetan, berotea, eta arrastoa utzi duena Urbasa-Andia natur parkean. Javier Saez de Jauregi Martinez de Gereñu Urbasa-Andia Larreen Batzordeko presidentea da. Berak azaldu duenez, "euririk egin gabe denbora asko darama, bero dezenterekin gabiltza eta lur gutxi dagoen eremuetan dena lehortu da. Ez dago belarrik. Lurra eta zuhaitzak dauden lekuetan badago, zerbait, batez ere Urbasan. Gainerakoan, arrasoetan, ez dago belarrik". Presidenteak ziurtatu duenez, "beti gertatu da horrela. Aurten aurreratu egin da. Halako urteak ere izan ditugu aurretik". 

Larreen Batzordeko buruak esan duenez, "hasieran oso ongi jarri zen eta, orain, hilabete batean dena joan da". Argitu duenez, "belarra berriz ateratzeko euri asko-asko egin beharko luke urteko egun luze hauetan. Agorrilaren erdialdetik aurrera gaua nabari da. Euria egiten badu, gauez belarra hazten da. Baina hurrengo bi hilabeteetan, nik uste dut oso zaila dela belarra izatea". Saez de Jauregik zehaztu duenez, "berde dagoenean euriarekin nahiko azkar berpizten da. Baina arras lehortzen denean hazitik atera behar du belarrak, ez sustraietatik. Geroz, askoz gehiago kostatzen zaio". 

Erabat gorrituta dagoen Andian azienda jatekoa opatzeko nola moldatzen den jakin nahi izan dugu: "Bi aukera daude. Bata da azienda menditik kendu eta herrira eramatea eta han, eutsi diezaioten, belarra edo pentsua ematea. Bigarrena, mendira zerbait eramatean datza. Baina oso zaila da. Gauzak gaizki heldu direnean irtenbideak bilatu behar dira, eta bakoitzak jarraitzeko ahal duena egiten du. Egoera oso txarra da". Eta abeltzain bat baino gehiago azienda herrira jaistea pentsatzen ariko dela esan du. "Urte normal batean behiak lehenengo jaisten dituzte, behorrek gehiago eusten diote. Behiak dituztenek bazka gutxi ikusten dutenean azienda jaisten dutela azaldu du, "eta aurten jaitsiera aurreratuko dute". 

Jakina, ez da gauza bera Andia eta Urbasa. Andian lur gutxi dago eta belarra finagoa da. "Eta ez da gauza bera azienda Urbasako arrasoan edo pagadian izatea azienda". Herrira ez badituzte eramaten, abereak mendian bazka bila mugitu egiten dira. "Hemendik hilabete batera janen zutena orain ari dira jaten. Geroz, ezer berezirik gertatzen ez bada, okerrago egonen gara hilabete barru. Estentsiboan lan egiten dugunok, zeruaren menpe gaude", azaldu du Saez de Jauregik. 

Herrietako larreetan ere lehortea nabari da. "Okerrena hori litzateke, gerorako gordea zegoen belarra orain ematen hasi behar izatea". Izan ere, makina bat abeltzainek maiatza akaberarako belarrak eginda zituzten. Sekula baino lehenago sartu dituzte fardo, bola eta paketoiak bordetan. "Belarra busti gabe hartu da eta hori gauza handia da. Duela hilabetera arte urtea ez zen txarra. Baina azken hilabeteko kaldarekin eta euri faltarekin..."    

Edatekoa 
Abereek jateko gutxi dute, baina ura badago mendian. "Oso negua ona izan da eta udaberrian nahiko euria egin zuen. Oraindik badago, baina horrela jarraitzen badu eguraldiak, ikusiko dugu zer gertatzen den!" Mendiko hainbat baltsa euri urez betetzen dira, eta horregatik euria egitearen garrantzian azpimarra jartzea. Aldaketarik ez bada, bizpahiru aste barru uraren kontua okertuko dela aurreratu du batzordeburuak. "Eta orain ez dago ongi", zehaztu du. "Zeren euria egiten badu, egoera egun batetik bestera aldatu egiten da. Erautsi handiekin ura momentuan jasotzen da". 

Nahiz eta belar gutxi eta lehorra egon, ura falta bada, hori beste kontu bat dela esan du Saez de Jauregik. "Halakorik ez gertatzeko, azken urteetan saiatu gara gobernua baltsa gehiago egiten, edo daudenak handitzea eskatzen. Gauzak asko aurreratu dira azken 20 urtetan: baltsa gutxi zeuden eta urarena orduan orain baino premiazkoagoa zen. Asko aurreratuta ere, arazorik ez izateko behar dena ez bukatu". Horregatik,  Landa Garapen Departamentuari mendia ur puntu gehiago egiteko eskatuko diote. "Edo egindako batzuk handitzea. Baltsak egiterakoan administrazioaren eta gure artean 'borrokatxo' bat izan da. Guk handiagoak egitea eskatzen dugu, ur erreserba handiagoa izateko. Baltsa oso-oso handiak egiten badituzu, hor ez da faltako. Horrelakorik ez dugu lortu, baina eskaerarekin jarraituko dugu". 

Batzordeko presidenteak gaztigatu duenez, mendian belarrik ez egotea eta lehorte orokortua ez dira gauza bera administrazioarendako. "Lehorte garaietan Landa Garapen Departamentuak laguntzak ematen ditu. 

Saez de Jauregik esan duenez, "klimaz asko dakitenek horrelakoak gerta zitezkeela iragartzen ari ziren duela urte asko. Nik uste dut eguraldiaren menpe gaudela. Suposatzen da beroteak gero eta gehiago izango direla. Horrek zaildu eginen du mendian belarra egotea. Esaten dutenez, gero eta okerragoa izanen da egoera. Baina aurretik ere urte askotan izan dugu belarra atera ez den udaberririk", memoria ariketa egin du batzordeburuak. Eta aurtengo udarekin kezka berretsi du: "kontua da egoera ez dela bukatu. Eta hemendik aurrera egun bakoitzeko eguraldiak aurrera begira asko suposatuko du".