Txirrindularitza

Nahia Imaz, Espainiako 23 urtez azpiko erlojupeko txapeldunordea

Guaixe 2026ko ekainaren 26a

Nahia Imaz, ezkerretik hasita lehena, podiumean. ESPAINIAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA

Espainiako Erlojupeko Txirrindularitza Txapelketatan hiru sakandar lehiatu ziren, Nahia eta Ekain Imaz anaia-arrebak eta Luca Martinez.

Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan ekainaren 25ean erlojupekoko txapelketak jokatu ziren, Sabiñanigon. 

Emakumezkoen afizionatuen eta elite mailan 18,6 km-ko ibilbidea zuten, eta 23 urtez azpikoak, eliteak eta UCI mailakoak elkarrekin aritu ziren. Azkarrena Mireia Benito izan zen (AG Insurance-Soudal), eta bera izan zen UCI edo elite mailako txapelduna (14:49). Eliteetan Sandra Alonso (Eneicat-Becall) gailendu zen, sailkapen orokorrean hirugarren (14:52). 23 urtez azpikoetan Laia Puigdefabregas (Massi Baix Ter) izan zen azkarrena eta Espainiako txapelduna (16:05), sailkapen orokorrean hamargarren. Bere taldekide Nahia Imaz altsasuarra 23 urtez azpiko txapeldunordea izan zen (16:02), sailkapen orokorrean hamaikagarren. 

Mutiletan bi sakandar lehiatu ziren. Afizionatuen mailakoek 30,8 kilometroko ibilbidea zuten, eta bertan Ekain Imaz (Nafarroako selekzioa), Nahia Imazen anaia 23 urtez azpiko mailan lehiatu zen. Oscar Vian (Cantabria) izan zen azkarrena (19:55), eta Ekain Imaz altsasuarra 21. sailkatu zen (22:15). 

Mutilen junior mailakoek 18,6 km-ko ibilbidea zuten aurretik. Benjamin Noval (Asturias) gailendu zen (12:49). Luca Martinez lakuntzarra (Nafarroa) hamabigarren sailkatu zen (13:57).

Ekainaren 26tik 28ra lineako lasterketen txanda izango da. Juniorrak ekainaren 26an lehiatuko dira, 23 urtez azpikoak ekainaren 27an eta profesionalak ekainaren 28an.

11 sakandar
Mutiletan, junior mailan Luca Martinez eta Ekai Erdozia lehiatzen ari dira, eta afizionatuetan Aimar Tadeo, Ekain Imaz eta Mikel Uncilla, guztiak Nafarroako selekzioarekin. Profesionaletan Igor Arrieta eta Iker Gomez daude Sabiñanigon. Nesketan, juniorretan Eider Mazkiaran ari da Nafarroako selekzioarekin. Afizionatuetan eta eliteetan, aldiz, Nahia Imaz, Ane Berastegi eta Ane Beltran de Heredia daude Espainiako txapelketetan, bakoitza bere taldearekin.