Txirrindularitza

Igor Arrieta eta Luca Martinez, bi bosgarren postu Espainiako Txapelketetan

Guaixe 2026ko ekainaren 29a

Igor Arrieta, Sabiñanigoko lasterketan lan betean. FEDERAZIOA

Elite mailan bosgarren sailkatu zen uhartearra, eta jubeniletan postu bera lortu zuen lakuntzarrak. Afizionatuetan Mikel Uncilla lehen nafarra izan zen.

Sabiñanigon jokatutako Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan linea lasterketako probak jokatu ziren asteburuan. Txirrindulariek beroari aurre egin behar izan zieten. 

Ekainaren 26an, ostirala, juniorren mailako lasterketak jokatu ziren. Mutilek 129,7 kilometroko proba estua izan zuten aurretik. Benjamin Novalek (Asturias) sekulako erakustaldia eman zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (3:14:31). Luca Martinez lakuntzarra izan zen lehen nafarra, sailkapen orokorrean bosgarren (3:24:16). Neskek 76,4 km-ko ibilbidea izan zuten eta Alejandra Neira (Galiza) gailendu zen (3:42:46). 

Ekainaren 27an afizionatuen txanda izan zen. Mutilek 157,7 km gogor eta eguzkitsu zituzten aurretik. Hobekien moldatu zena Manuel Sanroma (Gaztela Mantxa) izan zen, bakar-bakarrik iritsi baitzen helmugara (3:56:14). Mikel Uncilla etxarriarra lehen nafarra izan zen, sailkapenean hamabosgarren (4:01:26). Aimar Tadeo lakuntzarra 31. sailkatu zen (4:05:33). 
Nesketan, afizionatuak eta elite edo profesionalak elkarrekin aritu ziren. 129,7 km izan zituzten aurretik eta Mireia Benito (AG Insurance) gailendu zen (3:42:18), Espainiako UCI mailako txapelduna. Elite mailako txapelduna Sandra Alonso (Eneicat-Becall) izan zen, sailkapen orokorrean bosgarren (3:42:26), eta 23 urtez azpiko txapelduna Aiala Serrano (Cantabria-Rio Miera), sailkapen orokorrean bederatzigarren (3:43:43). Ez zen sakandarrik sailkatu.

Azkenik, ekainaren 28an elite edo profesionalen probak jokatu ziren. Mutilek 211 km luze eta gogor izan zituzten aurretik Sabiñanigon, beroak are gogorrago bilakatu zituenak. Marcel Camprubi (Pinarello Q36.5) izan zen Espainiako txapelduna, erasoa jo eta helmugara bakar-bakarrik helduta (5:01:09). Igor Arrieta uhartearra (UAE Team Emirates) bosgarren sailkatu zen (5:02:14), 1:05era.