Pilota

Joseba Ezkurdia, San Fermin lau eta erdikotik kanpo

Guaixe 2026ko ekainaren 29a

Ezkurdia irabazten hasi zen, baina Zabalak modu ikaragarrian irauli zuen markagailua. IÑAKI PORTO

Markagailuan aurretik jarri ondoren Zabalaren kontra erori zen, Altsasun.

Hezetasuna eta ekaitz usaina. Horiek arnasten ziren Joseba Ezkurdiak eta Javier Zabalak Burunda pilotalekuan jokatutako San Fermin lau eta erdikoan. Gauzak ongi hasi ziren aurrelari arbizuarrarendako; finago aritu zen, eta modu efektiboan aurretik jarri zen, partidan sartzea kostatu zitzaion Zabalaren aurrean. Ezkurdia 8-6 aurretik zela, argia joan zen, ostotsengatik, lehertzear zegoen ekaitzaren iragarle. Ezkurdiak, iluntasunean azken pilota eraman zuen, baina epaileek buelta erabaki zuten. Hala ere, Ezkurdiak ongi jarraitu zuen: sake itzela, sake-errematea, bolea eta Zabalaren akatsa. 12-6 iritsi zen lehen atsedenaldira, aurretik zela. 

Baina kontua ez da nola hasi, baizik eta nola bukatu. Lehertu zen ekaitzak ez zuen eragin onik izan Ezkurdiarendako, atsedenaldiaren ondoren beste Zabala bat atera zelako Burundako kantxara. Zabalak bi tanto egin eta gero, Ezkurdiak goitik behera egin zuen. “Pentsamendu txarrak etorri zaizkit. Partidatik atera naiz. Eta hori, 35 urterekin, ezin zait gertatu” aitortu zuen partida bukaeran. Atsedenaldia eta gero, ez zen bera izan. Zabalak, bitartean, pilota biziago batekin behetik gora egin zuen. Sakeekin asmatu zuen eta abiadura eman zion pilotari, kantxan agintea hartuz. Ezkurdiak guztiz ezohikoak ziren zenbait akats egin zituen. Horrela, Zabalak partida irauli zuen, eta 16ko partzialarekin zuzenean 22ra joanez, eta 12-22 irabazita, San Fermin lau eta erdiko finalerdietarako sailkatu zen, pozarren. 

Jaialdia zabaltzen zuen partidan Salaberriak eta Gaskuek Apezetxea II.a eta Erostarbe izan zituzten aurkari. Salaberria eta Gaskue 7-12 galtzen ari zirela, partida bertan behera geratu zen Apezetxeak ezker besoan lesioa izan zuelako. 

Joanes Bakaikoa, Araian
Araiako festetan antolatutako pilota jaialdian Joanes Bakaikoak 22-21 hartu zuen mendean Rekalde, partida zirraragarrian.