Foru Ogasunarekin duten zorra 120.000 eurokoa edo gehiagokoa duten zergadun zordunen zerrenda argitaratu du Nafarroako Gobernuak. 668 pertsonak eta enpresak 334,7 milioi euro zor zioten Ogasunari 2025ko abenduaren 31n. Aurreko urtean baino 12,3 milioi gehiago dira, zerrendara 24 zordun gehiago gehitu dituelako.
Zordun handien %1,35 sakandarra da eta haiek Nafarroako zor guztiaren %1,20 dute. Guztira bederatzi zergadun zordun sakandar daude zerrendan, ogasunari 4.022.343,72 euro zor dizkiotenak. Kopurua urte batean 626.507,23 euro hazi baita. Horren arrazoietako bat da berriki itxi den industria baten zorra handitu dela.
Sakanako zorraren sektorekako azterketa eginda, industria arloko lau zordunek ibarreko zorraren %44,43 dute, 1.786.971,27 euro, aurreko urtean baino 626.507,23 euro gehiago. Lau enpresa dira, eta denak itxita daude. Haietako hiru finantza erakundeek eragindako krisiak bete-betean jo zituen. Bestea berriki itxi ditu ateak. Hiru zordun ostalaritzakoak dira, eta denak itxita daude. Hiruren artean zorraren %23,65 pilatzen dute, 951.313,35 euro, 1,47 euro gutxiago. Eraikuntza sektoreko zordun handi bakarra dugu Sakanan, finantza arloak eragindako krisiak itxiarazi zuen. Ibarreko zorraren %12,87 pilatzen du, 517.795,30 euro. Zorra bere horretan mantendu da. Azkenik, merkataritza arloko enpresak ateak zabalik ditu. Berea ibarreko zorraren %19,05 da, 766.263,80 euro, aurreko urteko kopuru bera.