Pilota

San Fermin Pilota Torneoa, atzerakontuan

Guaixe 2026ko uztailaren 1a

San Fermin Pilota Torneoaren aurkezpena CaixaBank egoitzan egin zuten. ASPEPELOTA.EUS

Uztailaren 7tik 14ra jokatuko da Binakako San Fermin Torneoa. Martijak Altuna izango du bikote, Zabaletak Peio Etxeberria, eta Ezkurdia-Gabirondok aurre kanporaketa jokatu beharko dute

San Fermin Pilota Torneoak zabaltzen du udako festetako pilota torneoen egutegia eta Pilota Pro Ligak programa ikusgarria prestatu du uztailaren 7tik 14ra, bi eszenatokietan: Nafarroa Arenak San Fermin lau eta erdiko final handia hartuko du uztailaren 7an, 11:00etan, uztailaren 11ko Binakako jaialdia; eta uztailaren 7an bertan baina gauean San Fermin Binakakoa hasiko da, sanferminetako jai giroaren erdigunean, Labriten. Bertan erabakiko dira gainontzeko partidak, 14ko Binakako finala barne. Tartean, uztailaren 13an Urzante desafioa jokatuko da. 1200 olio botila daude jokoan

San Fermin Torneoa babesle nagusiaren etxean aurkeztu zuten, CaixaBank-en egoitzan. A Seriean sei bikotek jokatuko dute, bi multzotan banatuta, eta B Seriean beste sei bikote, bi multzotan. 

A Seriean, uztailaren 7ko gauean bi aurretiazko kanporaketa jokatuko dira. Ezkurdia-Gabirondok Dario-Rezusta izango dituzte arerio A multzoan, eta Artola-Imazek Larrazabal eta Albisu B multzoan. Garaileek San Fermin Torneoa jokatzeko sailkatuko dira. A multzoko beste bikoteak Laso-Iztueta eta Jaka-Mariezkurrena dira, eta B multzokoak Altuna-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta. 

B Seriean, A multzoan Zabala-Gaskue eta Apezetxea-Erostarbe dira bikoteak. Hirugarren bikotea uztailaren 5ean Senar-Lizeagak eta Amiano-Landak jokatuko duten kanporaketatik aterako da. B multzoko bikoteak Peña-Ugartemendia eta Zubizarreta-Eskiroz izango dira. Hirugarren bikotea uztailaren 5eko kanporaketan Elordi-Aldabek eta Salaberria-Bikuñak jokatuko duten kanporaketatik aterako da.

San Fermin Binakako Txapelketako partidak Aspepelota eta Baiko webguneetan kontsulta daitezke. Jaialdiko sarrerak Entradasfronton webgunean daude salgai.