EuskarAbenturaren zortzigarren espedizioan 130 gazte parte hartzen ari dira. Haietako bederatzi sakandarrak dira: Haizea Nicuesa Uribetxebarria lakuntzarra, Maddi Gartziandia Bikuña arbizuarra, Luken Ocaña Aiestaran, Nahia Razkin Goikoetxea eta Erika Lehr Goñi etxarriarrak, Adrian Rodriguez Sanz, Alaine Mendia Asensio eta Iker Iturrioz Salazar altsasuarrak eta Aitziber Miguel Goñi ziordiarra.
Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileak, jzioquitarrak, Euskal Herriko Donejakue bideetan barna ibiliko dira. Atharratzetik abiatu ziren asteazkenean, garilaren 1ean. Zuberoa eta Behe Nafarroan ibili ondoren, EuskarAbentura Nafarroa Garaian sartu zen. Iruñetik pasa ondoren, jzioquitarrak Sakanarako bidea hartuko dute, izan ere, espedizioak estreinakoz Sakana zeharkatuko baitu. Hori da espedizioko ibilbidearen berritasunetako bat. Espedizioak Iruñea eta Irurtzun arteko bidea eginen du garilaren 8an. Hurrengo egunean Irurtzun eta Arbizu artean ariko dira. Garilaren 10ean Arbizu eta Olatzagutia lotuko dituzte eta ibarreko azken etapa Olatzagutia eta Agurain artekoa izanen da garilaren 11n. Ohi bezala, azken etapa Bilbo eta Getxo artekoa izanen da, garilaren 31n. Edizioko beste berritasunetako bat da Sakana Group babesleen artean dagoela.
Parte hartzeaz
Ikerrek "esperientzia oso interesgarria delako" eman zuen izena: "bizitzan horrelako gauzak ez dira berriro egiten". Adriani gustatu zitzaion "ibiltzearena, lagunak egitearena eta jende berria ezagutzea". Alainek gauza bera pentsatzen du: "bizitzan behin sortzen den aukera bat da, nahiz eta hurrengo urtean ere saia gaitezkeen. Gainera, mendian ibiltzea oso gustuko dut. Eta lagun berriak egitea ere interesgarria iruditzen zait".
"Hasieran ez nuen joateko gogorik: hilabete bat ibiltzen? Baina lagunekin luze hizketatu nintzen eta esperientzia oso polita zela ikusi nuen. Asko gozatzen dela, eta hilabete bat oso ongi pasa dezakedala. Nahiz eta etxetik kanpo egon kirola egiten eta halakoetan. Jende gehiago ezagutzeko parte hartuko dut. Udan gozatzeko. Zeren herrian ez dut gauza handirik egiten", argitu du Lukenek.
Maddiri “halako esperientziak beti gustatu" izan zaizkio, "eta mundu guztiak esaten duelako izugarrizko esperientzia dela. Euskal Herriko jendearekin harremana egiteko oso aukera polita iruditu zitzaidan. Zeren beti bilatzen ditugu esperientziak hemendik kanpo eta iruditu zitzaidan oso esperientzia aberasgarria ibiltzea Euskal Herrian hemengo jendearekin, hainbat lekutako jendea ezagutu, harreman berriak sortu hemen..." Haizeari jakin-mina piztu zion "ibiltzen egoteak eta 130 pertsonarekin 24 orduz egoteak".
Ziordiarrak "gehien bat esperientziagatik" parte hartuko du: "lagunak egitea, hilabete bat etxetik kanpo, ondo pasatzea... Baina euskara erabiltzeagatik ere. Hilabete oso bat lagunekin euskaraz hitz egiten... Nik etxean euskaraz hitz egiten dut baina lagunekin ez. Beraz, lagunekin euskaraz hitz egiteak sortu zidan, pixka bat, Euskarabenturara joateko gogo hori".
"Udan gauzak egitea gustatzen zait. Klaserik ez dugunez, udak pixka bat aspergarriak direla iruditzen zait, eta zerbait egitea nahi nuen. EuskarAbenturaren berri izan nuen eta izena eman nuen. Jende eta leku berriak ezagutuko ditut, eta lagunak eginen ditut", azaldu du Erikak.
Proiektua
Ikerrek kazetaritza lan bat egin zuen. "Altsasuko inauterietan egin nuen. Jendeari galdetu nion: zer da euskalduntasuna? Erantzunekin bideoa egin nuen". Haizeak literatur idazlan bat idatzi zuen gai beraren inguruan. "Nire amonari zuzendutako gutun moduko bat zen. Gaur egungo egoeraren berri eman nion eta gaur egun niretako euskalduntasuna zer zen azaldu nion". Alainek gai beraren inguruko iritzia koadro batean islatu zuen. "Paisaia bat marraztu nuen. Bertan laku bat eta hainbat pertsona ikus daitezke. Guztiak lotzen dituen soka bat dago: euskalduntasunaren haria, guztiok lotzen gaituena".
Erikak ametsak egia bihur daitezke gaiarekin ipuin bat idatzi zuen. "Bidaiatzea nahi zuen pertsona baten istorioa zen. Eta lortu zuen", azaldu du. Gai bera aukeratu zuen Adrianek bere idazlanerako. "Idatzi nuen ametsak ez direla egia bihurtzen, baizik eta gaur egungo gizartera moldatu behar direla". Maddik ere ametsen inguruko idazlana egin zuen. "Herri txikietako jendeak, giroak, nahi ditugun gauzak egitea mugatzen digu. Horri buruzko istorioa sortu nuen".
Aitziberrek ametsen gaia ipuin batera eraman zuen: "neska bati buruzkoa da. Serieak oso gustuko ditu, ipuinak, liburuak... eta betidanik nahi izan du liburu horietan bizi ahal izatea. Hori da bere ametsa, gauza horiek egia bihurtzea". Nahiak gai beraren inguruko idatzia aurkeztu zuen. "Bere ametsa egia bihurtzen saiatzen zen neskato baten istorioa. Ametsari definizioa pixka bat aldatu zion, beste modu batera hartu zuen". "Zugarramurdiko sorginen inguruan idatzi nuen: errepresioa, Espainian izan zen egoera eta epaiketa nolakoa izan zen. Beraien Historia kontatu nuen. Idazterakoan ni pixka bat sorgina sentitu nintzen", azaldu du Lukenek.
Espero dutena
EuskarAbenturaz espero dutenez, galdetuta, antzeko erantzunak eman ditu bederatzikoteak. Aitziberrek espero du "lagunak egitea, ondo pasatzea, disfrutatzea eta euskaraz hitz egitea. Eta herri berriak ezagutzea, jendearen errealitatea... Berritasun asko izango dira". Lukenek "espedizioaz %100ean gozatzea" espero du. Ikerrek, gainera, "euskararekin harremana nire bizitzan gehiago sartzea" espero du. "Euskara gehiago hitz egitea" espero du Adrianek. Alaineri asko gustatuko litzaioke "bisitatzen ditugun tokietan gauza berri pila ezagutzea, dela natura, dela Historia... jakintza mordoa ezagutzea". Antzeko nahia du arbizuarrak ere.
Nahiak EuskarAbenturan "oraindik ezagutzen ez ditudan tokiak ezagutzea. Esperientzia berria" bizi nahi du etxarriarrak. "Uda ahaztezina izatea", espero du Erikak.
Espedizioko izena osatzen duten bi hitzetako zein nahiago duten galdetuta, bien alde egin dute Erikak eta Haizeak, "nahiz eta abentura ere asko gustatzen zaidan", zehaztu du lakuntzarrak. Hiru altsasuarrek eta Aitziberrek abentura aukeratu dute. Euskararen alde egin du Maddik. "Euskara nahiago dut. Ni ez naiz oso abenturazalea. Terrazan hizketan egotea gustatzen zait. Hemen biak ditut, eta ikusiko dut zein gustatzen zaidan gehien eta zeinetan sartuko naizen gehiago", esan du Lukenek. "Euskara, beti", esan du Nahiak.
Prestakuntza
Sakana zeharkatuko du EuskarAbenturak. Ibarra oinez zeharkatuko duten lehen aldia izanen da Luken, Erika, Alaine, Adrian, Iker, Maddi, Nahia eta Aitziberrendako. Lakuntzarrak "ia urtero" Sakanako Bizikleta Egunean parte hartu duenez, ibarra zeharkatu izan du.
Espedizioan 650 km ibili beharko dituzte. Ikerrek jakinarazi duenez, "urtean zehar mugitzen naiz: gimnasiora noa, mendira, kirola egiten dut astero. Uste dut ez dudala arazorik izanen". Haizea hiru egunez 10 km ibili izan da, "eta ez dakit askorako balioko duen".
Adrian "pixka bat serioago ibiltzera" joan da. Erikak aitortu du ez dela asko entrenatu. Alainek ez du entrenatu. "Ez naiz geldi egotekoa. Mendian asko ibiltzen naiz. Ez naiz asko larritu eta ez dut horretan asko pentsatu. Uste dut gai izanen naizela egunean eskatzen dizuten tarte hori betetzeko". Ez duela entrenatu aitortu du Nahiak: "urtean zehar kirola egin dut, mendian ibili eta abar"
Aitziberrek esan duenez, "behar dena baino gutxiago" entrenatu du: "Ziordian paseoren bat, lagunekin asko ibiltzen gara... Pixkanaka ohitu beharko dut". Lukenek esan duenez, "zerbait" ibili da, "baina oso gutxi, ez dut kirol askorik egiten". Maddik Arbizuko festetan entrenatzeko aukera gutxi izan du: "moldatu behar!"
Euskara, ordea, "entrenatu" du Erikak. Baita Maddik ere: "sanjuanetan, eta egunero". Euskara egunero hitz egiten duela jakinarazi du Nahiak. "Gustatzen zait euskalkiak ezagutzea eta entzutea", gaineratu du.
Lukenek jakinarazi duenez, "nire lagun taldean ez dugu euskara asko hitz egiten. Nik EuskarAbenturan dena euskaraz hitz egin beharko dut. Eta orain euskaraz hitz egiteko aitzakia bat dugu. Esan diet 'espabilatu' beharko dugula eta dagoeneko dena euskaraz hitz egiten hasi beharko dugula". Euskara ez dute entrenatu Ikerrek eta Adrianek, "nahiz eta beharko genukeen". Alainek ez du euskara "entrenatzeko" beharra ikusi: "beharbada hemen ikasi dezakezuna baino gehiago ikas dezakezu han. Aukera bat da".
Aitziberrek esan duenez, euskara etxean hitz egiten du, "lagunekin ez hainbeste. Motibazio bat izan daiteke bueltarako". Haizeak esan duenez, "egunero, denbora guztia, euskara hitz egiten dut. Ohitura dut".
Gogoko etapak
Gaztelugatxe aipatu dute Adrianek eta Alainek, ez baitira egon. Arbizukoa du begiz jota Lukenek: "Lagun asko ditut. Herria bera ere oso polita da, gustatzen zait. Espediziora heldu den bertako lagun bat dut. Bere herritik pasatzen den abeslari bat dago. Gustatzen zaigu. Eta abeslari hori etortzea espero dugu".
Aitziberri Iruñean gelditzen den etapak "ilusioa” egiten dio, “sanferminak baitira, bestela ez naizelako egon behar". Bestela, Gaztelugatxe esan du, ez baita bertan egon. Baina bideari eman dio garrantzia ziordiarrak.
Amaiur interesgarria da Ikerrendako. Maddiri ere etapa horrek "ilusio handia" egiten dio. Ez du jakinarazi zein, baina bada gustuko herri bat ere ibilbidean. Nahiak: "Amaiurko historia asko gustatzen zait, eta joan nahi dut". Donejakue bideetatik barna ibiliko direla aipatu du Haizeak, "etapak, suposatzen dut, lauak izanen direla". Erikak ez du egun jakinik begiz jota, "egun guztiak ongi pasatzeko" asmoz doa.
Arrastoa
Haizeak espero du "izugarrizko esperientzia izatea eta etapa hau markatzea. Eta lagunak ondoren harremanetan segitzea". Arbizuarrak espero du "oroitzapen onak" ekartzea bueltan. "Eta, nork daki, etorkizunean begirale izan". Nahiak labur: "esperientzia eta poztasuna, jende guztiarekin euskaraz hitz egiteagatik". Bestetik, Ikerrek "kultura edo ideologia aldaketa" espero du.
Alainek "lagunak egiteko erraztasuna lortzea" espero du. Baita lagunak ere. Horrekin batera, Adrianek "euskaraz hizketatzeko erraztasun gehiago" izan nahiko luke bueltan. "Egunero euskara hitz egitea", espedizioak Lukeni hori uztea espero du. "Hilabete bat euskaraz hitz egiten emanen dut. Institutuko hamar hilabeteetan ere egon beharko nuke, baina han ez dut presiorik. EuskarAbenturan denek hitz egiten dute euskaraz. Nik ere eginen dut". Lagun asko egiteko esperantzarekin abiatu da Luken. "Eta kirola-edo egiteko gogoak sortzea ere".
Aitziberrek nahi luke espedizioko lagunak "betirako izatea". Eta euskara: "bueltan, saiatu pixka bat gehiago hitz egiten, lagunekin bereziki". "Sekula ahaztuko ez dudan zerbait izatea nahi dut. Beste herrietara joatea eta EuskarAbenturan egondakoekin topo egitea", nahi luke Erikak.





