Energia Berriztagarrien Komunitatea kooperatiba bulkatzeko akordioa

Guaixe 2026ko uztailaren 6a

Urko Agirre (EBK), Ainhoa Izagirre (alkatea), Aitor Larraza (garapen agentzia). SGA

Energia berriztagarriak, kontsumo arduratsua eta trantsizio energetiko justua sustatu nahi da. Lau urterako akordioa da.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA), Sakanako Energia Berriztagarrien Komunitatea Kooperatibak (EBK) eta Arbizuko Udalak lankidetza akordioa sinatu dute. Haren helburua da EBKren garapena indartzea eta Sakanan energia berriztagarrien, kontsumo arduratsuaren eta trantsizio energetiko justuaren inguruko ekimenak bulkatzea.

Hiru aldeek adostutakoaren arabera, EBKren egoitza Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean kokatuko da. Horrek kooperatibaren eguneroko jarduera antolatzea erraztuko du, eta erakunde gisa sendotzeko aukera berriak zabalduko dizkio. Era berean, Utzuganen dauden beste eragileekin harremanak indartzeko eta elkarlan aukera berriak lantzeko bidea emango du. Arbizuko Utzubar industrialdeko eraikin horretan egoitza dute, besteak beste, SGAk, Cederna-Garalurrek eta Sakanako Enpresen Elkarteak. 

SGAk EBKren garapena babestuko du, bereziki industria arloan. Horretarako, ibarreko egoerari, baliabideei eta tokiko beharrei buruzko informazioa partekatuko du kooperatibarekin. Horretaz aparte, SGAk energia kontsumo arduratsuaren eta energia trantsizioaren inguruko sentsibilizazio eta parte hartze ekintzak garatzen lagunduko du. Bestetik, EBKk Sakanan energia berriztagarrien sorkuntzari, kontsumo arduratsuari eta trantsizio energetikoari lotutako proiektuak eta ekintzak sustatuko ditu. Gainera, bere arloan egin daitezkeen jardueren diseinuan eta ezarpenean aholkularitza eta laguntza eskainiko du.