Gazte baten heriotza eragin zuen istripuaren instrukzio aldia itxita

Guaixe 2026ko uztailaren 2a

Ezbeharraren tokian larrialdi zerbitzuak. ARTXIBOA

Auto gidaria epaituko dute. Harendako espetxe zigorra eskatzen dute bai fiskaltzak bai akusazio partikularrak. 

Iturmendiko Ilarraldi dermioan izandako auto istripuaren ondorioz 19 urteko gazte urdindarra hil zen 2025eko garilaren 27an. Diario de Noticiasek jakinarazi duenez, Iruñeko Instrukzio Auzitegiak ahozko epaiketa Nafarroako Lurralde Auzitegian egiteko autoa eman du. Instruktorearen iritziz auzipetua hiru delitugatik epaitzeko nahikoa zantzu daude: ausarkeriaz gidatzea, alkoholaren eraginpean gidatzea eta zuhurtziagabekeria larriaren ondoriozko giza hilketa.

Fiskaltzak 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eta 5 urte eta 6 hilabeteko gidabaimena behin betiko galtzea eskatu du. Akusazio partikularrak, berriz, akusatuarendako 9 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 6 urtez automobilgintzako irakasle izateko inhabilitazioa eskatu ditu.