Sakanako Mankomunitatea sexu eta genero aniztasunaren inguruan trebatzen

Guaixe 2026ko uztailaren 10a

Nafarroako LGTBI+fobiarik Gabeko Udalerrien Sarea sustatzeko ikastaroko saioetako bat. NAFARROAKO GOBERNUA

Ordezkariak Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako prestakuntza saioetan parte hartzen ari dira. 

Nafarroako Berdintasunerako Institutua (NABI) Nafarroako LGTBI+fobiarik Gabeko Udalerrien Sarea bulkatzeko eta indartzeko lan prozesua egiten ari da 34 toki erakunderekin. Horietako bat da Sakanako Mankomunitatea eta ordezkariak ilbeltzean hasi eta lastailera bitartean antolatutako lau saiotan parte hartuko dute. Porzesuaren helburua nagusia da sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia udal-politiketan txertatzen laguntzea, administrazio publikoen artean hausnarketarako eta lankidetzarako gune egonkor bat sortuz.

Otsailean, martxoan eta maiatzean egindako lan eta gaikuntza saioetan erakundeetako arduradunak eta teknikariak izan dira. Saio horietan udal politikak garatu dira generoaren eta sexu eta genero aniztasunaren ikuspegitik, eta Miquel Missé soziologoak eman ditu. Missé aditua da generoan eta sexu-aniztasunean, eta ibilbide luzea egin du aholkularitzan eta arlo horretako politika publikoak egiten. Prozesua urteko bigarren seihilekorako aurreikusitako itxiera-saio batekin amaituko da.

Sareaz
Nafarroako LGTBI+fobiarik Gabeko Udalerrien Sarearen helburua da Nafarroako Gobernuak eta toki administrazioek LGTBI+ politika publikoekin duten konpromiso instituzionala gauzatzea da, NABIren eta Nafarroako udalerrien arteko koordinazioa, elkarrizketa eta jardunbide egokien trukea indartuz.

Gaur egun, LGTBI+fobiarik gabeko udalerrien sareak 23 toki-erakunde ditu atxikita. Sarera sartzeko, toki-erakundeak INAI/NABIri jakinarazi behar dio atxikitzeko.

Atxikimendu horrekin, udalerriek beren gain hartzen dute sexu- eta genero-aniztasunaren alde lan egiteko konpromisoa, honako jarduera hauen bidez: sentsibilizazio-kanpainak bultzatzea, udal-langileak prestatzea eta gaitzea, arlo horretako ekintzak garatzeko baliabide ekonomikoak, materialak eta giza baliabideak ematea, eta INAI/NABIk deitutako jardunbide egokiak trukatzeko bilera eta espazioetan parte hartzea.

Bestalde, NABIk konpromisoa hartzen du prozesu horretan tokiko erakundeei laguntzeko, lan- eta koordinazio-espazioak sustatzeko, eta tokiko erakundeei zuzendutako dirulaguntzen ildoa sendotzeko eta indartzeko, berdintasuneko eta sexu- eta genero-aniztasuneko politika publikoak garatzeko.