Herri kirolak

Alberto Maestre, Amaia Orrio, Naiara Urkixo, Maitane Zabalza eta Maria Garcia Nafarroako Harri jasotze Txapelketarako prest

Guaixe 2026ko uztailaren 10a

Alberto Maestre eta Ane Zestau, Urdiaingo festetako harri jasotze erakustaldian.

Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen diren sakandarrak txapelagatik borrokatuko dira. Bestalde, Ioan Goikoetxeak, Eñaut Oiarbidek eta Harri Mitxelenak Nafarroako III. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko dute.

San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan asteburuan bi hitzordu garrantzitsu dituzte gure herri kirolariek. Jaialdiak 11:00etan hasiko dira, Foru Plazan.

Uztailaren 11n, larunbata, Nafarroako Gizonezkoen Harri Jasotze Txapelketa egongo da jokoan. Zazpi harri jasotzaile lehiatuko dira, tartean Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen den Alberto Maestre irurtzundarra. Albaro Zugarrondo (Iruñea), Josetxo Urrutia (Leitza), Diego Iriarte (Iruñea), Hodei Amazkoa (Iruñea), Unai Urkiola (Leitza) eta Alex Fernandez (Iruñea) izango ditu aurkari. 

Harri jasotzaileek hiru harri ezberdinekin –125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola– 2 minutuko txandak izango dituzte. 

Nafarroako III. Mailako Aizkoran, hiru sakandar
Uztailaren 12an, igandea, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa egongo da jokoan. Guztira hamabost aizkolari lehiatuko dira, tartean hiru sakandar: Ioan Goikoetxea etxarriarra, Eñaut Oiarbide etxarriarra eta Harri Mitxelena altsasuarra. Haiekin batera Iker Goldarazena (Berriozar), Markel Iturralde (Beuntza), Mikel Santesteban (Zubieta), Ander Etxeberria (Tafalla), Urko Erice (Osakar), Xabier Mitxelena (Irurita), Unai Valverde (El Espinar), Mikel Leatxe (Zangoza), Eñaut Korta (Bera), Andoni La Torre (Bera), Jose Maria Benito (Valsain) eta Raul Zelaieta (Barañain) ariko dira. 
Egin beharreko lana: bi kanaerdiko erdibitu. 

Nafarroako Emakumezkoen Harri Jasotze Txapelketan, lau sakandar
Uztailaren 12an Nafarroako Emakumezkoen Harri Jasotze Txapelketa jokatuko da ere bai. Guztira sei harri jasotzaile lehiatuko dira, tartean lau sakandar, Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen direnak: Amaia Orrio irurtzundarra, Naiara Urkixo altsasuarra, Maitane Zabalza altsasuarra eta Maria Garcia arbizuarra. Haiekin batera Sakanako Harri Jasotze eskolako taldekide Ane Zestau (Barañain) eta Alba Zubiria (Ibero) ariko dira lanean. 

Hiru harri ezberdinekin –62,5 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola– 2 minutuko txandak izango dituzte.