Pilota

Zabaleta finalera, Martijaren gainetik pasatuta

Guaixe 2026ko uztailaren 13a

Urdinak maisuki aritu ziren. IBAN AGUINAGA

Atzelari etxarrendarrak jokoz kanpo utzi zuen etxeberriarra, erakustaldi ikusgarrian. Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletak bigarren aldiz jarrian jokatuko dute San Fermin Binakako finala, Unai Lasoren eta Martxel Iztuetaren kontra.

San Fermin Binakako Torneoak baditu finalistak: Laso-Iztueta eta P. Etxeberria-Zabaleta. 

A multzoan Ezkurdiak eta Gabirondok Jaka-Mariezkurrenaren (9-22) eta Laso-Iztuetaren (18-22) kontra galdu egin zuten, eta, hortaz, Jaka-Mariezkurrenak eta Laso-Iztuetak uztailaren 11n jokatutako partidak erabaki zuen lehen finalista. Laso-Iztueta gailendu ziren, 20-22, partida oso estuan. 

B multzoan, iazko irabazle Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta irabaztera atera ziren torneo hasieratik, Larrazabal-Albisu 22-14 mendean hartuta. Altuna III.a-Martijak 22-20 hartu zituzten mendean Larrazabal-Albisu, eta, hortaz, uztailaren 12an Altuna III.a-Martijak eta P. Etxeberria-Zabaletak jokatutako partidatik atera zen beste finalista. 

Zabaleta izan zen partidaren jaun eta jabe. Pilota atzera jartzen hasi, eta Martija errebotean sartuta izan zuen ia partida osoan, Etxeberrikoaren gainetik pasaz. Duen kanoia atera eta atzeko koadroetan gailentzeaz aparte, Zabaletak Peio Etxeberriari pilota gozoak utzi zizkion, honek ederki probestu zituenak. Horrela, erakustaldi itzela eginez eta maisuki, 4-18 aurreratu ziren Etxeberria eta Zabaleta. 

Azken txanpan Altunak eta Martijak zertxobait makillatu zuten markagailua, eta P. Etxeberria-Zabaleta 9-22 irabazita joan ziren finalera. 50 minutu iraun zuen partidan 335 pilotakada gurutzatu ziren. Peio Etxeberriak 9 tanto egin zituen, Zabaletak 7, Altunak 6 eta Martijak bakarra. 

P.Etxeberria-Zabaleta eta Laso-Iztuetaren arteko finala uztailaren 14an jokatuko da, Labriten. 

Ezkurdia, Urzante desafioan
Gaur, uztailak 13, San Ferminetako Urzante desafioa dago jokoan. Lau eta erdian, Muruak Jaka izango du aurkari, binaka Ezkurdia-Rezusta eta Artola-Mariezkurrena II lehiatuko dira, eta buruz buru Rekalde eta Amiano. Jokoan, sari bikaina: 1.200 Urzante botila olio.