Harri jasotzea

Sakanako Harri Jasotze eskolako Ane Zestau, Nafarroako lehen txapelduna

Guaixe 2026ko uztailaren 13a

Ane Zestau, Sakanako Harri Jasotze eskolako arduradun Jon Irañeta alboan duela. IBAN AGUINAGA

Barañaingoak Alba Zubiriarekin lehia oso estua izan zuen. Haiekin batera lau jasotzaile sakandar aritu ziren. Sakanako Harri Jasotzaile eskolakoak primeran aritu ziren.

Sakanako Harri Jasotze eskolako Ane Zestau barañaindarra da I. Nafarroako Emakumeen Harri Jasotze Txapelduna, uztailaren 12an San Fermin Herri Kirol Jaialdiaren barruan jokatutako txapelketarekin Iberoko Alba Zubiriarekin lehia estua izan eta gero. Haiekin batera Amaia Orrio irurtzundarra, Naiara Urkixo altsasuarra, Maitane Zabalza altsasuarra eta Maria Garcia arbizuarra aritu ziren lanean. Hiru harri ezberdinekin –62,5 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola– 2 minutuko txandak izan zituzten. Beroa izan zuten etsai. 

Ane Zestau eta Alba Zubiria oso gertu aritu ziren. Azkenean Zestau gailendu zen, (3.875 kg). Oso gertu aritu zen Zubiria txapeldunordea (3.687,5 kg). “Emakumezkoen txapelketa hau atera ahal izateko asko borrokatu ondoren, eta asko entrenatuta, gustua ematen du maila honetako sei harri jasotzaile lanean ikustea eta, gainera, irabaztea” azaldu zuen Zestau txapeldunak. Izan ere, orain arte emakumezkoen harri jasotzea erakustaldia izaten zen San Fermin Herri Kirol Jaialdietan, baina aurten txapelketa izan da, borroka luze baten ostean. Zestauk aitortu zuen urduri zegoela, zozketan Alba Zubiriaren ondoren aritzea tokatu zitzaiolako, “baina horrek bere burua estutu ahal izatea” ahalbidetu ziola. 

Gainontzeko jasotzaileei dagokienez, Naiara Urkixok 2.437,5 kg altxatu zituen, Amaia Orriok 2.250 kg; Maria Garciak 2.062,5 kg y Maitane Zabalzak 1.937,5 kg.