Astez aste izan duzu Guaixe astekaria postontzian 2004ko ilbeltzaren 23tik. Asteroko Sakanako informazioa, euskaraz. Milagarren zenbakira iritsi gara, zu eta gu. Eta etorkizuna aurrean dugu.
Guaixe eta mila zenbakia. Aurten lotuta daude?
Bai, erabat. Aurten kasualitate politak egokitu zaizkigu. Alde batetik, Korrikan 1.000. lekukoa hartzeko ohorea eta zortea izan genuen, eta bestetik, gure zenbaki borobil horretara iritsi gara.
Milak infinitua, neurrigabetasuna, sinbolizatzen du.
Bai eta guretako ere horixe da: ez da (hel)muga bat, abiapuntu zirraragarri bat baizik. Atzera begiratzeak egindako bidearen handitasunaz jabetzeko balio digu, eta aurrera begiratzeak, berriz, indarrez eta ilusioz betetzen gaitu. Etorkizun oparoa dugu jorratzeko, eta gogotsu gaude!
Astekaria ostiralero izaten dugu postontzian. Paperak etorkizunik badu?
Mundu digital batean bizi garen arren, paperak badu bere lekua; astekariak presarik gabe irakurtzeko produktua izan behar du. Baina egia da publikoa aldatzen ari dela. Adin batetik aurrerako irakurleek nahiago dute papera, irakurketa lasaiaren plazeragatik; gazteek, berriz, mugikorra dute informatzeko tresna nagusi. Erronka, bi mundu horiek uztartzea da.
Eta irratiak eta webguneak?
Guaixe Irratiak Sakanari ahotsa eta soinua jartzen dizkio. Gainera, irrati konbentzionalaz harago, irratsaioak eta elkarrizketak nahieran entzuteko jasotzen dira webgunean. Horrek digitalizazioari beste dimentsio bat ematen dio: herritarrak albisteak irakurtzeaz gain, entzun ere egin ditzake nahi duenean eta nahi duen lekuan.
Gaur egun digitalizazioa ez da aukera bat, errealitate bat baizik. Gure webguneko bisiten %41,9 mugikorraren bidez heltzen da. Horrek argi erakusten digu gure irakurlea non dagoen eta edukiak nola egokitu behar ditugun. Erradiografia horretan, sare sozialak ere ez dira jada aisialdirako tresna soil bat; informazioa zabaltzeko gure eguneroko ohiko lan tresna bihurtu dira. Eta Guaixe aplikazioak ere aukera ugari eskaintzen ditu, probatu!
Albiste faltsuen garaian zer leku dugu?
Begira, gaur egun sareak albiste faltsu eta zarataz beteta daude, eta horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa kalitatezko informazio fidagarria izatea. Eta hor, tokiko hedabideok sekulako papera dugu. Azken finean, jendeari bere herrikoa, hurbileko duena interesatzen baitzaio. Hori da gure indargunea: herritarren ahotsa jaso, haiek esandakoa zabaldu eta euskara Sakanako txoko guztietara eramatea. Txikiak gara, bai, baina gure txikitik lanean buru-belarri gabiltza sakandarren ahotsa ozen eta argi entzun dadin.
Etorkizunerako, oinarriak daude?
Oinarri sendoak ditugu, eta horiek izen-abizenak dituzte. Lehenik eta behin, sakandarrak; haiekin batera egiten dugu ibarra egunez egun. Esker ona adierazi nahi diet dudarik gabe gure kolaboratzaileei eta publizitatea jartzen duten denda zein enpresei, haiek gabe Guaixe ez litzatekeelako posible izango. Erakundeen babesa ere hor dago: Sakanako Mankomunitatea, Euskarabidea eta, bere garaian, Eusko Jaurlaritza.
Baina, batez ere, gure bazkideak aipatu nahi ditut. Zurekin, bazkide horrekin, iritsi gara honaino. Eta, bide batez, dei egin nahi diet sakandarrei: jaiotzatik Guaixe ezagutu duten horien guztien bultzada behar dugu orain, bazkide egiteko pausoa eman dezaten.
Ez gabiltza bakarrik.
Ez, ezta gutxiago ere. Tokikom eta Nafarpresen sortzaile gisa, etengabeko hobekuntzak txertatzen gabiltza: kudeaketa eredu berriak, edizio-tresna aurreratuak eta adimen artifiziala. Horri esker, kalitatezko informazioa ikertzen dugu eta eraginkorragoak izaten laguntzen gaitu.
365 egun euskaraz, ezta?
Halaxe da. Euskaraz informatzea ez da kapritxo bat, euskararen normalizazio prozesuan hizkuntza bera biziberritzeko motorra baizik. Tresna berriak geureganatzea da bidea; itzultzaile automatikoak, esaterako, ate berriak irekitzen dizkigu gure informazioa irisgarriagoa izan dadin, euskararen kalitatea beti erdigunean jarrita.
Zer dator orain?
Helburua argia da: audientzia igotzea. Ekainean 20.000 erabiltzaile inguruk webguneko 53.000 pasatxo orri ikusi zituzten... Euskarazko Sakanako informazioa jende gehiagorengana iristea nahi dugu. Hori lortzeko, etorkizuna bermatuko duen belaunaldi erreleboa ezinbestekoa da; fundazio sendo bat jaso dugu, baina orain gaur egungo gazteak (15-25 urtekoak) gure hedabideetara erakartzeko erronka dugu.
Bideak 1.001 zenbakiarekin segitzen du.
Mila eta batgarren zenbakia abiapuntu berri bat da guretako. Sakanan eta euskaraz lanean jarraitzeko gogorik ez zaigu falta, baina handiago egiteko, komunitatea zabaldu behar dugu. Sakandarren bultzada behar dugu; zatoz gurekin eta egin zaitez bazkide! Webguneko formularioa beteta, telefonoz hots eginda edo Altsasuko gure bulegora etorrita. Sakanak bere komunikazio proiektu propioa izatea erresistentzia eta askatasun keinu bat da. Orain da unea Guaixeri bultzada berri bat eman eta etorkizuna elkarrekin idazten jarraitzeko!