1994ko abenduan kaleratu zen Guaixe aldizkariaren 1 zenbakia. Azal horretan sakandarrak identifikatzen dituen Beriain mendia agertzen da, Aralar, eta bailara hodeiez estalita. Uztailaren 10ean, 1000. Guaixe astekaria kaleratu zen. Tartean aldizkariaren diseinu, maketa eta eredu desberdinak izan dira, eta lan horretan Amaia Amilibia Salgado Guaixeren sortzailetako bat eta lehenengo diseinatzailea, Iune Trecet Obeso gaur egungo Guaixeko maketatzaile eta diseinatzailea eta Laura Olmos Aristorena GK zerbitzuko diseinatzailea izan dira. Hirurak GUAIXE IRRATIAn izan dira Eneida Carreño Mundiñano esatariarekin solasean.
Lehenengo azala ikusita, zer datorkizu burura?
AMAIA. Azala lehenengo Guaixe horren azkeneko kontua izan zela uste dut. Hasi ginen barruko guztia prestatzen. Guaixe sortu bazen eskualdeko jendea inplikatu zelako izan zen. Hiru ikasle egon ginen jendea zirikatzen. Hain zuzen ere, ez genekien zer jarriko genuen portadan, bilera batean aipatu genuen, eta Kruz Mari Martinezek ez dakit nola esan zuen: Nik badaukat oso argazki on bat. Mesedez bidaltzeko eskatu genion eta horrela sortu zen lehenengo portada hori. Barruko guztia prest genuen; publizitate guztia diseinatuta, elkarrizketak eginda, agurrak, errezeta, bertsoa... Dena prest genuen eta portada horrela sortu zen, bat-batean.
IUNE. Askotan sortzen zaigu arazo berdina oraindik ere. Guaixe guztia eginda eduki eta asteazken eguerdian (asteazkenetan bidaltzen da astekaria errotatibara), eta ez daukagu azalik oraindik. Lehenengo Guaixetik milagarrenera jarraitzen dugu arazo berdinarekin.
A. Gogoan dut halako anekdota bat, ez dakit zenbat urte izango diren, baina Urdalur urtegia hustu zen eta matxura bat egon omen zelako, eta urtegi hustu hartako argazki batzuk bagenituen. Esan genuen: hau joango da portadan. Baina ez genekien zer titular jarri. Urdiaingo Mikel Galarzak, ibili zen orduan laguntzen, eta berak bota zuen: Ez ur, ez lur. Izan zen oso portada polita ere bai. Horrela izaten dira portadak, ezustekoak.
I. Hori da. Horretan Alfredo izaten da gure sortzaile handia; titular horiek oso ondo josten ditu.
A. Portada hori ikustean, hori etortzen zait burura. Maketazioari helduta, lehenengo zenbaki hura PC batekin egin genuen. Ez Macintosh bat. Olaztiko Udalak utzi zigun lehenengo ordenagailu hori. PCrako programekin egin genuen, ez inprentarako begirako programak. Gerora Macintosh bat erosi genuen, milioi bat eta erdi pezeta kostatu zena, eta inpresora bat. Baina lehenengo diseinu horiek Pagemaker edo horrelako programaren batekin egin genuen. Ez dakizue zer izerdi. Ez genuen eskanerrik ere, eta orduan uzten genuen leiho bat, kutxa bat, hutsik eta inprentara bidaltzen genuen argazkia paperean edo diapositiban, eta inprentan eskaneatzen zuten. Guk diseinatzen genuen argazkia geldituko zen ikusi gabe. Espazio hori hutsik utzita. Ez genuen Guaixe eskuz egiten, ordenagailuan hasi ginen, baina gutxienekoarekin. Hiru lankide ginen (Aitziber Etxaiz, Olatz Irizar eta Amaia bera), eta bat aritzen zen koordinatzaile herriz herri berriemaileek idatzitako notiziak hartzera. Paper batean eskuz idatziak jasotzen genituen, eta gero bulegoan ordenagailuan pikatu, zuzendu eta abar egiten zuen. Gerora etorri ziren korreo elektronikoak.
I. Orduan, argazkiak jartzeko nola egiten zenuten?
A. DINA4 formatukoa zen, orduan hilabetekaria zen, aldizkaria, eta orduan bagenituen lau zutabe eta azpian publizitatea. Publizitatea maketan ikusten genuen, baina argazkia zena, kutxa huts bat agertzen zen eta guk bidaltzen genuen argazki hori inprimatuta eta argazkia inprentan eskaneatzen zuten guk ez genuelako eskanerrik. Guaixe sortu zen komunikabide gisa, baina euskara eta euskararen erabilera bultzatzeko sortu zen. Orduan, garai horretan pilpilean zeuden horrelako herri aldizkari pila bat. Oñatin Gertu deitutako inprenta bat zegoen, eta guztiok joaten ginen hara inprimatzera eta osooso harrera ona ematen ziguten. Gerturekin urte pila bateko harremana izan genuen, eta hango jendeak asko lagundu zigun. Asko galdetzen genien: zer gomendatzen diguzue? Zer eskaner mota? Hau nola egin dezakegu? Asko ikasten genuen inprenta harekin.
LAURA. Beraz, haiek txertatzen zituzten argazkiak maketan?
A. Behintzat hasiera hartan, bai. Gerora, poliki-poliki, ordenagailua erosi genuen, gero eskaner bat, inpresora... Gure egitekoa ere hobetzen joan zen. Anekdota gisa: Klip batekin argazkia paperean jartzen genuen, eta behin baino gehiagotan pasa izan zen argazkiz okertu eta guk nahi genuen argazkia beste orri batean jarri zutela eta horrela publikatu zela.
32 orriko aldizkari bat egin zenuten. Zenbat ordu pasa zenituzten lehenengo Guaixe hori egiteko?
A. Guaixe hori egiteko izan zen... Niri magia iruditzen zitzaidan. Kazetaritza ikasten ari ginen, eta urte haietan fakultatean eskolaz kanpoko jardueretan ordenagailuan diseinatzen erakusten ziguten. Baina bazegoen gainditu beharreko irakasgai bat zela paperean maketatzen ciceroekin; ez milimetro ez ezer. Ikasi behar genuen paperean egiten garai batean egunkarietan egiten zen bezala; kutxak, zutabeak... Pentsa non geunden 1990ko hamarkada horretan. Esaten ari dena irudikatzen duzue?
L. Oso zaila.
I. Esan duen bezala, magia iruditzen zait. Zerbait hain txukuna ateratzea horrelako baliabideekin.
L. Dena txuri beltzean zen?
A. Portada izan ezik. Plantxak ziren, eta hor ere sekulako eraldaketa izan dute. Gaur egun, oker ez banaiz, plantxak digitalak dira. Baina garai horretan fotolitoak erabiltzen ziren. Negatiboa, fotolitoa, gero positiboa... Errebelatu egiten zen. Fotolitoa plastiko bat zen eta gero plantxara metalean egiten zen. Inprentan ere sekulako eraldaketa egon da.
I. Eta portadan kolore bat erabiltzen zen.
A. Hori da, tinta bat.
Eskura ereduren bat izan zenuten?
A. Garai horretan sekulako mugimendua zegoen herri komunikabideetan. Euskara taldeen egitekoa zen euskara berpiztu, indartu eta gorpuztu, eta gizarte mailan onddoen moduan sortu ziren hainbat eskualdetan euskal aldizkariak. Guk ere edaten genuen, eta hor zegoen mugimenduari jarraitu genion. Orduan, alde horretatik ere laguntza handia izan genuen: Eibarko ...eta kitto!, Nafarroako Iparraldeko Ttipi Ttapa, Goiena aldizkaria, noski... Hor baziren batzuk oso aitzindariak zirenak eta gu haien atzetik joaten ginen nola egiten zuten galdetzen. Urte batzuk egin dituzu Guaixen.
Sekulako aldaketak bizi izan zenituen, ezta?
A. Hor ere beste pertsona bat aipatu nahiko nuke: Idoia Zufiaurre urdiaindarra. Berak lan handia egin zuen maketak prestatzen. Momentu batean, Guaixe astekaria zenean, bultzada handi bat eman zitzaionean, diseinu berri bat behar zen eta Idoia Zufiaurreren laguntza izan genuen. Berak maketatzeko ereduak sortu zituen eta bultzada handi bat izan zen Guaixeri izaera eta diseinu propioa emateko. Orduko elkarteak sendotzeko apustua egin zuen. Gu hasi ginenean maketak sortzen genituen egin ahala; aldiro sortzen genituen. Estiloak hobetzen joan ginen. Argazkiak egiten genituen, elkarrizketak, maketatzen genuen, iragarkiak saldu... Egin beharreko guztia egiten genuen, eta hori izan zen lan profesional bat kontratatu genuena eta horrekin urte batzuk eman ditugu. Azkenean, bizitzan etengabe egon behar duzu berritzen, aldatzen eta gaurkotzen. Gaur egun hori azkarrago gertatzen da, ezta?
L. Nik uste zuk aldaketa asko izan dituzula.
A. Bai, baina orain azkarrago izaten dira.
Iune, maketa horiek ezagutu zenituen?
I. Ni sartu nintzenean dagoeneko Tokikom-eko maketak erabiltzen ziren, baina hilabete batzuk martxan zeramatzaten, eta 2017an sartu nintzen. Ez dakit aurretik zeintzuk erabiltzen ziren, seguruenik horiek izango ziren.
Tokikom-ekoak erabiltzeak zer esan nahi du?
I. Lehenengo eta behin, aldizkaria ireki eta badakizula Guaixe dela. Aurreko maketek marra oso identifikagarria zeukaten, eta hori ikustean bazenekien Tokikomeko hedabide baten aurrean zeundela. Orain askoz errazago da. Biltegi batera zoaz, are gehiago, erredaktoreak biltegi batera doaz eta bertan nahi duten maketa aukeratzen dute. Maketa hori ongi dagoela badakizu, hiru zutabe dauden tokian hiru zutabe egongo direla badakizu, eta ez dute beste tipografia bat erabiliko, ezin dutelako. Horrek bizitza errazten digu.
"Gaur egungo produktua ez da bakarrik papera; multi kanal izan behar du"
Alderatuta, errazago duzue, beraz.
A. Imajinatzen dut beste konplikazio batzuk izango dituztela. Gaur egungo produktua ez da bakarrik papera. Multi kanal izan behar du: sareak; eta sareak esaten dugunean da webgunea, audioa, podcast...
I. Eta etorriko den guztia; bideoak eta abar. Irudia oso garrantzitsua da. Horretan lehenengo pausuak ematen ari gara.
Erredaktoreek maketak aukeratzen eta jartzen dituzte, beraz, zein da zuen lana gaur egun?
L. Gauza horiek ere txukundu behar dira. Agian gehiegi idazten dute, edo gutxiegi, argazkia handitu behar da...
Holakoak egiten dituztela ohartzen dira?
I. Beti eskatzen dituzte mesedetxoak. Argazki hau hemendik kenduko didazu eta bestea handitu edo txikitu... Egia da gure lana pila bat erraztu dela. Sartu nintzenetik orain arte ari naiz lan egiten gauza askotan ez direla papererako. Paperari begira, bizitza erraztu digute, eta orain denbora daukat beste gauzak egiteko: webgunea eta abar. Gauza bereziak prestatzeko ere, aste hauetako festen orriak gure esku gelditzen dira. Beraiek idazten diuzte eta guk zerotik sortzen ditugu orriak, ez direlako maketa normalak.
A.Zer programa erabiltzen duzue gaur egun?
I. InDesign. Baina Amazoneko ordenagailu batetik lan egiten dugu.
L. Flipatu nuen esan zidatenean beste ordenagailu batetik lan egin behar nuela. Baina nola beste ordenagailu batetik
Beraz, hasi zinetik ere aldaketak izan dira.
I. Bai. Sartu nintzenean InDesignen egiten genuen lan, eta maketak sortu ahala bulegoko zerbitzarian sartzen genituen. Orain ordenagailu birtual bat erabiltzen dugu; badakigu ordenagailu hori behintzat ez dagoela Estatu Batuetan, Europan dagoela. Erredaktoreek webgune baten bidez lan egiten dute. Karratutxo batzuk dituzte eta hor idazten dute. Orduan, ezin dute ez maketa ikutu ez ezer. Oso itxia da. Maketak sortzen dituenak, Goienako Iñakik, betidanik oso argi utzi du erredaktoreek ezin dituztela maketak ikutu, ezer.
Laura, zu inprenta batetik zatoz. Aurretik Guaixe ezagutzen zenuen? Nola izan da barrutik ezagutzea?
"Oso desberdina da; errealitatea egunez egun ikusten duzu, eta ez du zerikusirik"
L. Oso desberdina da. Buruan daukazuna eta gero errealitatea egunez egun ikusten duzu, eta ez du zerikusirik. Gauza batzuk, hasiera batean, pixka bat zailak izan ziren. Baina behin ikasten dituzunean martxa hartzen duzu. Gauza berri asko dira. Diseinatzailea zarenean zure ordenagailuan diseinatzen duzu eta listo. Baina aldizkari batean beste pertsona batzuekin lan egin behar duzu... Oso desberdina da.
Behin astekaria idatzita, zuzenduta eta berrikusita, nola egiten da bidalketa?
I. Iruñera bidaltzen dugu. Edizio digitala, sistema berria, nahiko pausu potentea izan zen. Dena lotuta dago: inprenta, webgunea... Programaren barruan edozer gauzarako botoiak daude. Botoi bati eman, PDFa sortu, automatikoki sortzen da orria eta inprentara bidaltzen da, eta gero behin inprentan dagoela beste botoi bati eman eta guztia webgunera igotzen da. Hori bai dela magia.
Zer nolako etorkizuna ikusten diozue?
A. Lehenik eta behin zorionak milagarrenera iristeagatik. Gustuz eta harrotasunez ikusten dut. Baina nolabait ere hausnarketa egin behar da ahaztu gabe dagoeneko papera ez dela lehen bezala.Urte askoan kuttuna izan da. Astekaria eta energia guztia paperera zuzendu dugu, baina gaur egun beste momentu batean gaude. Denok daukagu telefonoa eskuan eta paperean ez dut esango bigarren mailan, laugarren maila batean gelditzen da. Baina telefonorik gabe ez da inor etxetik ateratzen. Zerbait gertatzen denean telefonoa ikusi nahi dut. Nik uste derrigor horri buelta bat eman behar zaiola. Izan dadin telefonoan Guaixeren presentzia askoz ere nabarmenagoa. Ez hain artikulu luze; txikiagoak eta nola iritsi telefonotik jendearengana. 30 urteko jendeak Instagram erabiltzen du; orduan, kontuan izan behar dugu hori. Nire belaunaldikoak horretan jantzi behar gara. Baina Guaixe erakargarri egitea. Oso presente egon behar da. Bideoak duen garrantzia... Orain dela hamar urte utzi nuela, eta orduan hasi ginen bideo asko egiten, baina ez genuen asmatu. Etengabe aldatzen doa.
Aldatzen doa eta horretan janztea eta azkar, gainera, eskatzen du.
I. Eta denbora guztia buru oso irekia izatea; baina errutinak jaten gaitu askotan.
A. Eta beldurra. Guaixen eta lantaldea izatean beldurra sentitu izan dut maiz. Orain Beleixe egin behar dugu, Oixe... Eta beldurra. Baina beldurra azkenean denon artean gainditzeko gauza bat da.
L. Asko ikasi behar da.
A. Ezin zaio egunkariari lehentasuna eman; lehena izatea garrantzitsua da.
Eman nahi dena ongi eman nahi da; batzuetan eman nahi da, baina kalitatezko zerbait eskaini nahi du Guaixek.
I. Bideogintza oso zaila da. Momentuz, argazkietan zentratzen gara; webgunea indartzen ari gara eta sare sozialak webguneko altaboz moduan erabiltzen ditugu. Nik uste hortik ondo goazela. Bideogintza bai sartu beharko genukeela, hor hankamotz gaude.
L. Edozein bideo egitea erraza da, baina bideo on bat egitea jendeak ikusiko duena, ez.
A. Baina azkartasuna bilatzen da ere.
L. Azkartasuna bai, baina gaur egun oso tikismikisak gara eta askotan bideo bat ikusi eta esaten dugu: Ze bideo txarra. Gauza horietan fijatzen gara.