aizkora

Sakandarrek ez zuten finalerako txartelik lortu

Guaixe 2026ko uztailaren 14a

Eñaut Oiarbide lehertuta, lanak bukatu berritan, eta aizkorakada batengatik finalera sartu gabe geratu eta gero. IBAN AGUINAGA

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan Eñaut Oiarbide bosgarren postuan sartzear egon zen, baina ez zuen lortu.

Uztailaren 12an, igandea, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa erabaki zen Iruñean, San Fermin Herri Kirol Jaialdien barruan. Guztira hamabost aizkolari lehiatu ziren, abuztuaren 15ean Arantzan jokatuko den final handirako bost tokien bila. Tartean hiru sakandar zeuden: Ioan Goikoetxea eta Eñaut Oiarbide etxarriarrak eta Harri Mitxelena altsasuarra. Haiekin batera Iker Goldarazena (Berriozar), Markel Iturralde (Beuntza), Mikel Santesteban (Zubieta), Ander Etxeberria (Tafalla), Urko Erice (Osakar), Xabier Mitxelena (Irurita), Unai Valverde (El Espinar), Mikel Leatxe (Zangoza), Eñaut Korta (Bera), Andoni La Torre (Bera), Jose Maria Benito (Valsain) eta Raul Zelaieta (Barañain) aritu ziren. 

Egin beharreko lana bi kanaerdiko erdibitzea izan zen, eta bero sargoriari aurre ezin egin aritu ziren aizkolariak. Unai Valverde izan zen azkarrena lehen kanaerdikoa erdibitzen eta bide beretik jarraitu zuen, garaipena erdietsiz (5:15). Iker Goldarazenak (5:40), Jose Maria Benitok (5:48), Urko Ericek (6:00) eta Xabier Mitxelenak (6:21) lortu zuten, irabazlearekin batera, Arantzako finalean egoteko txartela. Eñaut Oiarbide etxarriarra bosgarren sailkatzekotan izan zen, Xabier Mitxelenarekin lehia oso estua izan zuelako, baina aizkorakada batengatik Xabier Mitxelenak lortu zuen bosgarren postua. 

Hiru sakandarrak, Eñaut Oiarbide, Ioan Goikoetxea eta Harri Mitxelena, finaletik kanpo geratu ziren.