Astekaria

Unai Ruiz eta Naroa Martinez egileen 'Afonia' albumak irabazi du Etxepare Saria

Guaixe 2026ko uztailaren 22a

Unai Ruiz eta Naroa Martinez 2026ko Etxepare Sariko irabazleak. ETXEPARE SARIA

Nafarroako 23 toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute lehiaketa

Afonia album ilustratuak irabazi du 2026ko Etxepare Saria. Unai Ruiz Galatza Leitza bizi den ilustratzaile beratarraren eta Naroa Martinez Suarez idazle gasteiztarraren lana da. Bikoteak 5.000 euroko saria irabazi dute eta udazkenean Pamiela argitaletxeak albuma argitaratuko du. Ekainaren 30ean, Mutiloako kultur etxean,izan zen sari banaketa ekitaldia eta, besteak beste, Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea eta Cristina Ojer Arangurengo euskara arloko zinegotzi arduraduna izan ziren. 


Irabazleak, erdia, epaimahaiko kideekin eta ordezkariekin. ETXEPARE SARIA

Guztira, 26 album ilustratu aurkeztu dira aurtengo Etxepare Saria literatur lehiaketara. Aitziber Akerreta ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia. Afonia lanari buruz esan dute erabilitako hizkuntza, onomatopeiak, errepikapenak eta ezkilen sokari segika bezala irakurtzen den ipuina dela; "hitz sotilak, pausatuak, patxadaz irakurtzekoak". 

Irudiek "maite dugun norbaiten heriotzak eragiten duen hutsunea eta etsipena intentsitatean handiz sentiarazten dutela" aipatu du epaimahaiak ere. "Doluak behar duen denbora eta pausa transmititzen duten irudiek eta testuak bat egiten dute".

Afonia albumaren istorioak dolua du oinarri: "galtzen ari garen horren pena zeharkatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria izan nahi du". Aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion alabari eskera "ezer ez da galtzen norbaitek orinaidk oraintzen badu". 

Nafarroako 23 entitateen euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatea barne, antolatzen dute Etxepare literatura saria, album ilustratuak euskaraz sortzeko eta argitaratzeko xedearekin. 2004an erein bazen ere, gaur egungo sariketarekin zertxobait aldatu dela esan dute antolatzaileek. Aurtengoarekin sari hau dela medio, hamazazpi dira album ilustratu sarituak eta argitaratuak. 

Sariarekin batera Iruñeko Udalak ilustratzaile eta idazleekin BikoTeka topaketak antolatzen ditu eta bertan ere album ilustratu "ederrak" sortu dituztela esan dute antolakuntzatik, "saria jaso dutenak edo argitaratu direnak". Aurtengo edizioko irabazleek topaketa horretan parte hartu dute. 

Orkestra zooragarria, Mamuki, Kiratsa, Dorotea, Lorerik gorriena, Etxe honetan, Cosimoren katiuskak, Arraroa, Zerua gris dago, Munstroek ere pixa egiten dute ohean, Hiltzaileak, Gerrak ez du izenik, Hara!, Euria ari duenean, Alex, nire laguna, Katalina kontalaria, Zirkua amets eta Gerlari Handia dira azken hogei urtetan Etxepare saria jaso duten lanak (2023an, lehenengo aldiz, saria eman gabe gelditu zen). 

Egileak
Unai Ruiz Galartza da Afonia albumaren ilustratzailea. Beran jaioa Lietzan bizi da eta Arte Ederretan litzentziatua da, hezitzailea eta margolaria. Haur eskolako tailerista da. 

Idazlea Naroa Martinez Suarez da, Gasteizen jaioa, Dulantzin hezia eta familia Oarsoaldean sortua. Psikopedagogoa da, eta galera eta doluetan aditua; Heriotza haurrekin egitasmoarekin sortzailea da, eta euskal eskola publikoan irakasle ere bada. 

literatura