Cederna Garalurrek hamalau enpresa sortzen lagundu du

Guaixe 2026ko uztailaren 21a

Cederna Garalurrek Utzuganen du egoitza. ARTXIBOA

Aurtengo lehen seihilekoan 44 ekintzaileri laguntza eman die. 

Cederna Garalur elkartearen ekintzailetza laguntzeko zerbitzuak Sakanan 14 enpresa sortzen lagundu du urteko lehen sei hilabeteetan. Epe horretan Garalurreko teknikariek 44 ekintzaile lagundu dituzte eta aholkuak eman dizkiete. Haietatik 27 emakumezkoak ziren eta 17 gizonezkoak. Laguntza eta aholkularitza lan horren fruitu izan da hamalau enpresa berri martxan jartzea, beste horrenbeste lanpostu berriren sorrera ekarri dutenak. 

Negozio berrien forma juridikoari dagokionez, guztiak banakako enpresaburu gisa eratu dira. Abian jarri diren jarduerei dagokionez, haien artean daude ile-apaindegiak, estetika zentroak, ostalaritza eta eraikuntza, besteak beste.

Zerbitzu gehiago
Aipatutakoaz aparte, Garalurrek ekintzaileak laguntzeko beste zerbitzu batzuk eskaintzen ditu. Esaterako, aurten dagoeneko, bi urtetik beherako hamasei enpresari (10 emakume eta 6 gizon) eta bi urtetik gorako lau enpresari (bina emakume eta gizon) laguntza eta aholkularitza eman die. Gainera, Nafarroako Mendialde osoko ekintzaileei eta autonomoei zuzendutako lau tutorial telematikoki eman ditu, fiskalitateari, fakturazioari eta online tramitazioaren gakoak ezagutarazteko.

Nafar Lansarek kofinantzatutako Navarra Emprende Sareko kidea da Garalur. Sakanan enpresa proiektu bat abian jarri, autonomo gisa alta eman edo bere konturako jarduera bat garatu nahi duen edozeinek Garalurren informazio, orientazio eta aholkularitza zerbitzuetara jo dezake doan. Horretarako honako telefono zenbakietara hots egin dezake: 639 900 336 (Susana Mendinueta) edo 619 328 264 (Oskia Lazkoz). Edo sakana.admon@cederna.es helbidera mezu elektroniko bat bidali dezake.

Garalurrek ematen duen laguntza ekintzailetza prozesuaren fase guztiak hartzen ditu bere baitan: negozio ideia definitzea, izapideei eta laguntzei buruzko orientazioa eta informazioa ematea, enpresa plana egitea, laguntzak izapidetzea eta jarduera sendotzea, enpresak sortzen laguntzeko eta eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko.