Santa Marinako pinudia ordezkatzen joanen dira

Guaixe 2026ko uztailaren 22a

Gaur egun pinuak lehortuta edo apurtzen ari dira. 

Bakaikuar eta iturmendiarrek Trinitatea ospatu zuten maiatzaren 30ean. Iturmendiarrak, atzera ere, Urbasa gaineko Santa Marina ermitara larunbatean igo ziren, garilaren 18an. Eraikinaren hegoaldean pinudia dago. Zuhaitz asko lehortuta daude eta beste hainbati adarrak erortzen ari zaizkie. Ingurumen Departamentuak jakinarazi duenez, "pinu gorriz, alertzez eta izei gorriz egindako pinudiak duela 100 urte inguru egindako landaketak dira. Bere helburu nagusia ganaduarendako itzalguneak eta babesguneak sortzea izan zen, bero edo hotzagatik meteorologia kaltegarria zenean". Gaineratu dutenez, "aukeratu zituzten espezieak, azkar samar hazteaz aparte, kalitatezko zura ematen dute". Azaldu dutenez, "100 urte geroago, landaketa horien arrakasta aitortu behar dugu".

Departamentutik gaztigatu dutenez, "pinuen adinak eta kudeaketak, hainbat arrazoirengatik, zuhaitzak gainbehera eta erortzea/apurtzea eragin dute, eta horiek ordeztea eskatuko digute pixkanaka". Pinudiaren mugan lizarrak eta astigarrak landatu zituzten 2024ean. "Horiek handitu ahala, zuhaizti 'zahar' horien kontserbazioa kudeatzen jarraituko dugu, helburu nagusia kontuan hartuta".