Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Konferentzia, Antalyan (Turkia) egingo da. COP31 Bike Ride herritarren ekimen bat da Belendik, Brasildik abiatu zena aipatu topaketara iristeko. Bere helburua da, batetik, garraioaren CO2 emisioak murrizteko bizikletaren eta mugikortasun aktiboaren ahalmen izugarria ikustaraztea. Eta, bestetik, bizikleta bidezko desplazamenduak tokiko, nazioko eta nazioarteko politika klimatikoetan funtsezko lekua izan dezaten eskatzea, baita Nazio Batuen klima aldaketari buruzko negoziazioetan ere.
Tropelak konferentziara hamar proposamen eramanen ditu. Hasteko, 2030erako bidegorrien oinarrizko egitura sarea osatzea, batez ere hiriarteko konektibitatearekin eta eguneroko joan-etorrietarako multimodala. Horrekin batera, proposatuko dute ibilgailuen zirkulazioa gutxitzea, abiadura eta bolumena mugatuz.
Txirrindularitzaren garapenaren bultzatzaile izan daitezkeen arlo guztiak hartuko dituzten 2030era arteko plan espezifikoak diseinatzea da beste proposamen bat. Horretarako finantzaketa egoki eta espezifikoarekin eta txirrindularien elkarteak barne hartzen dituzten ezarpen-berrikuspenak eskatzen dituzte. Laugarren proposamena da bizikletendako eta oinezkoendako eremu esklusiboak nabarmen handitzea 2030era arte, batez ere ikastetxetatik, garraio publikoko zentroetatik, tokiko dendetatik eta berdeguneetatik gertu.
Aldi berean, proposatu dute bizikletak (zama-bizikletak barne) biltegiratzeko edukiera egokia orokortzea garraio zentroetan, merkataritza guneetan, ikastetxeetan, bulegoetan eta etxeetan 2030era arte. Horiez aparte, urtero adin guztiendako txirrindularitza ekitaldi masibo bat antolatzea eta bizikletaren etxeak sortzea proposatu dute.
COP31 Bike Riden antolatzaileen iritziz ezinbestekoa da prestakuntza eta informazioa. "Batez ere 12 urtetik beherakoak eta emakumeak prestatzea, bizikleta hobeto erabiltzeko eta ahalduntzeko". Bizikletaren abantaila ekonomikoak sustatzea eskatu dute, "auto baten kostua urtean hamar aldiz handiagoa baita". Gainera, txirrindularitzari lotutako sektore ekonomikoa garatzea eskatu dute, horretarako beharrezko pizgarri edo zerga dirulaguntzak emanda (zerbitzuak, industria, leasing, sharing...).
Paketeen banaketa enpresek "azken miliako" entregetarako zamalanetako bizikleten logistika garatzea proposatu dute. Azkenik, proposatu dute neurketa eta jarraipen adierazleak modu oso erregularrean ezartzea eta partekatzea.
Euskal Herrian
Ibilbidean zehar estandarte handi batean mugikortasun iraunkorraren aldeko tokiko konpromisoak bilduko dituzte eta bizikletak pertsonen egunerokotasuna nola hobetzen duen eta hiri bizigarriagoak eraikitzen laguntzen duen erakusten duten istorioak partekatzen ari dira.
Euskal Herrian Bilbo eta Hendaia artean ari da etapak egiten. Bilbotik asteazkenean, garilaren 15ean, abiatu zen eta Hendaiara asteartean, garilaren 21ean iritsiko da. Iruñea eta Andoain arteko bidea egin zuten igandean, garilaren 19an. Plazaolako bide berdean barna egin zuten ibilbidea, beraz, Aizkorbe eta Irurtzundik pasa ziren. Bide berdeak, bidegorriak eta EuroVelo 1 (Atlantikoko kostaldea) eta EuroVelo 3 (Erromesen ibilbidea) ibilbideen zenbait zatitan barna ibiliko dira txirrindulari parte hartzaileak.