Pilota

Ongay-ren despedida

Guaixe 2026ko uztailaren 17a

Alberto Ongay, erasoan. ARTXIBOA

Pilotari satrustegiarrak bere ibilbideari agur esango dio uztailaren 17an Irurtzungo festetan antolatutako pilota jaialdian.

Irurtzungo festetan despedituko du bere pilotari ibilbidea Alberto Ongay pilotari satrustegiarrak. Irurtzun klubean trebatuta, aurrelari arakildarra profesional izan zen Asperekin, 2008tik 2013raino. Ez zutenean berritu, afizionatuen mailara itzuli zen eta pilotari amateur onenen zerrendan egon da oraintsu arte. 

Afizionatuen mailako palmaresean, 2007an GRAVN txapelketa, Errege Kopa eta Munduko Kopa irabazi zituen, eta 2007-2008ko Nafarroako Buruz Buruko txapelduna izan zen. Profesional izan ondoren afizionatuetara itzuli zenean, Munduko Txapelduna izan zen Buruz Burukoan, Fernando “Momo” Medina mendean hartu eta gero. 2021ean Irurtzunekin Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi zuen, eta 2025ean  Nafarroako Herriz Herri Txapelketa irabazi zuen Irurtzunekin. 

Gaur, uztailak 17, Irurtzungo festetan 18:00etan antolatutako afizionatuen mailako pilota jaialdian bere ibilbidea despedituko du Alberto Ongayk.