San Fermin Herri Kirol Jaialdietan maila ikusgarrian aritu dira sakandarrak. Ezin pozikago dago Sakanako Harri Jasotze Eskolako arduradun Jon Irañeta. "Balorazioa ezin hobea da. Nafarroako Gizonen Harri Jasotze Txapelketan aritu ziren zazpi jasotzaileetatik lau eskolakoak ziren, Hodei Amezkua txapelduna barne. Eta emakumezkoen txapelketan lehiatu ziren seietatik bost eskolakoak ziren, Ane Zestau txapelduna tartean. Oso pozik gaude".
Gizonezkoetan, Hodei Amezkua Nafarroako txapeldunak 6387,5 kg jaso zituen, bere taldekide Unai Urkiolaren aurretik (4762,5kg). Alberto Maestre laugarren izan zen (3000 kg), Diego Iriarte bosgarren (3625 kg), Josetxo Urrutia seigarren (3425 kg) eta Alex Fernandez zazpigarren (2087,5 kg).
Emakumezkoen Nafarroako I. Harri Jasotze Txapelketako txapelduna Ane Zestau izan zen (3.875 kg), Alba Zubiria (3687,5 kg) eta Naiara Urkixo (2437,5 kg) taldekideen aurretik. Amaia Orrio laugarrenak 2.250 kg altxatu zituen, eta Maitane Zabalza seigarrenak 1.937,5 kg. Sakanako eskolakoen erakustaldia apartekoa izan zen.
Txingak, ingudea eta beste
Nafarroako Emakumeen Txinga Txapelketa Txantreako June Etxeberriak irabazi zuen (14 plaza eta 1/4), Maika Iraizoz zenoztarraren (12 plaza eta 1,35 m) aurretik. Beatriz Goñi irurtzundarrak 12 plaza eta 1,35 m egin zituen 9 kg-ko txingekin, hirugarrena.
Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketan, gizonetan Josetxo Urrutia gailendu zen, 18 kg-ko ingudea minutu eta erdian 82 aldiz altxatuta. Aitor Oiarbide etxarriarra hirugarren sailkatu zen (77 altxaldi). Emakumezkoetan, Maika Ariztegi dugu txapelduna, 9 kg-ko ingudeari 91 altxaldi eginda. Nerea Arguelles hirugarren izan zen (80 altxaldi).
Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan lehen bostek lortu zuten finalerako txartela. Eñaut Oiarbide sailkatzear izan zen, baina aizkorakada batengatik kanpoan geratu zen (6:23). Ioan Goikoetxea hamargarren izan zen (8:38) eta Harri Mitxelena hamalaugarren (13:09). Azkenik, Andra Mari ikastolak herri kirol proba konbinatuen erakustaldian parte hartu zuen, eta Mikel Lasartek motozerrakoan.