Uztailaren 18an hasi zen Emakumeen Iruñeko Itzulia eta gaur despedituko da, Iruñeko Zaldi Zurian. Junior mailako txirrindulariak eta 23 urtez azpikoak ari dira lehian.
Atzo bigarren etapa jokatu zen, Berriobeitin hasi eta despeditu zena (78,6) eta Sakanatik pasa zena, Asiaindik Errotzera sartuta. Izurdiaga eta Irurtzun pasata, Larraunerantz egin zuen itzuliak, 3. mailako Mugiroko gainerantz. Ondoren, lehen mailako Aldatzeko gainera iritsi ziren txirrindulariak, Jaunsaras eta Lizaso lotu, eta hirugarren mailako Ataburuko gainetik Berriobeitira iritsi ziren.
Etapako irabazlea Julieta Benedetti 21 urteko gazte argentinarra ian zen (2:08:55), helmugara bakarrik iritsita. Ane Beltran de Heredia altsasuarra podiumera igo zen, bere taldea, Cantabria Rio Miera, talderik onena izan zelako. Nahia Imaz altsasuarra bigarren nafarra da, sailkapen orokorrean hamabosgarren.
Azken etapa, Sakanatik
Benedetti da liderra (3:58:28), baina sailkapena oso estu dago, 16 segundora Naxara Odriozola (Mirat Team), eta 30 segundora Izaro Etxarri, Aitana Gutierrez eta Goretti Sesma dituelako. Beraz, gaur jokatuko den hirugarren eta azken etapak erabakiko du Iruñeko Itzulia. Iruñeko Redinen hasiko da, Zaldi Zurian, eta toki berean despeditu (71,4 km). 17:00etan abiatuko den etapan, bezperako etapan bezala, Asiaindik helduko da itzulia Sakanara, Errotzera, 17:45 aldera. Errotzeko zubia gurutzatu eta hirugarren mailako Urritzolako gaina 17:50 aldera igoko dute txirrindulariek.. Etxarrenera helduta, aurrera segi eta Lacturalera jotzeko bihurgunean esprint berezia erabakiko da. Segidan, Irurtzundik Izurdiagako bidea hartuko dute, Atondon aurrera egin eta Arazurira heltzeko. Bertatik Iruñeko bidea hartuko dute, Zaldi Zuriko helmugaraino, 18:45 aldera.