Sinbolismoz eta sentimenduz betetako eguna izan zen Bergaran atzo, garilak 19, bizi izan zutena. Bihar, garilaren 21ean beteko dira 150 urte Espainiako Gorteek euskal lurraldeetako Foruak abolitu zituztela; eta baita 50 urte Alkateen Mugimenduko kideak Bergaran batu zirela ere. Bi mugarri historiko horiek ardatz hartuta, Euskal Herriko 180 herri baino gehiagotako udal ordezkariak eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak batu ziren Bergaran, tartean sakandarrak: Arakil, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutikoak. Baita Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesias altsasuarra ere.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak esan zuenez, foruen galera "bidegabea" eta Francoren diktadura akaberan sortutako Alkateen Mugimendua oroimena berritzeak, euskal herritarron "etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa" berrestea dakar berekin. Ahaldun nagusiak norabide horretan "buru-belarri" lanean jarraitzeko determinazioa azaldu zuen.
Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi zuenez, "orduan bezala, gaur ere erronka berriei aurre egin behar diegu. Horretarako, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko".
ARGAZKIAK: Imanol Soriano, GOIENA, eta utzitakoak.