Atzo, uztailak 21, despeditu zen Iruñerriko Itzulia. Junior eta afizionatuen mailako tropelak 65,65 km osatu zituen Iruñeko Zaldi Zurian hasi eta bukatu zen hirugarren eta azken etapan. Iruñerriko Itzulia Asiaindik Errotzera sartu zen, zubia zeharkatu eta hirugarren mailako Urritzolako gaina igo zuen. Ondoren, Irurtzunen buelta hartu eta Izurdiagako bidea hartuta, Atondotik Iruñerrira aurrera egin zuen probak.
Julieta Benedetti lider argentinarrak (Toyota Valencia) ez zuen arriskurik hartu nahi izan, sailkapen orokorra estu zegoelako, eta erasoa joaz bakarrik iritsi zen helmugara (1:45:26), hirugarren etapa irabazteaz gain Iruñerriko Itzulia eskuratuz (5:43:54). 29 segundo atera zizkion Naxara Odriozolari (Mirat Team) eta 34 segundo Aitana Gutierrezi (Baque Movistar). Lehen sakandarra Nahia Imaz altsasuarra (Massi Baix Ter) izan da, hamalaugarren, 47 segundora. Bestalde, Ane Berastegi (Grupo Eulen Amenabar) arbizuarra 26. sailkatu zen eta Ane Beltran de Heredia (Cantabria Deporte Rio Miera) altsasuarra 38.
Erregulartasunaren saria Julieta Benedettirendako izan zen, mendiko saria Lidia Castrorendako (Mirat Team), tartekako helmugen saria Vera Valerorendako (Toyota Valencia), esprint berezien saria Klara Dworatzek (Mirat Team) txirrindulariarendako eta lehen urteko saria Naxara Odriozolarendako (Mirat Team). Goretti Sesma (Vipeq Team) izan da lehen nafarra, eta Nahia Imaz bigarrena. Azkenik, talde onenaren saria Mirat Team-ek jaso zuen.
