Uztailaren 21ean hasi zen XXXX. Juniorren Iruñerriko Itzulia, Mutiloan hasi eta despeditu zen etapan (111,7 km). Mugimendu handiko etapa izan zen, etengabeko erasoekin. Urt Velo 64 taldeko Bastien Ospital eta Nolan Babayou izan ziren protagonistak, 14 txirrindularien ihesaldi batean erasoa jo, eta helmugara elkarrekin iritsita, Ospital aurrean zela.
Lehen sakandarra Unai Gomez altsasuarra (Quesos Albeniz-Burunda) izan zen, 32. postuan. Probako hirugarren nafarra izan zen. Gainontzekoak gutxika iritsi ziren. Ekai Erdozia (Sakana Group-Aralar) 45. sailkatu zen; Luca Martinez (Garaje Tolosa-Danena) 47.; Manex Huarte (Sumelec-Ermitagaña) 52.; Urko Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 88.; Xabier Curiel (Quesos Albeniz-Burunda) 89. eta Unax Etxeberria (Sakana Group-Aralar) 100. Burunda klubeko Mikel Arrizabalagak, Asier Floresek, Unai Okarizek eta Oier Paniaguak eta Aralar klubeko Javier Arenalek eta Alex Gonzalezek ez zuten proba bukatu.
Bigarren etapa, Sakanan
Gaur, uztailak 22, Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa Ororbian jokatuko da (108,8 km), eta Sakanara helduko da. Ororbiatik 17:00etan abiatuko da, eta Etxaurira helduta segidan lehen mailako Girgillano gaina eta bigarren mailako Lezaungo gaina igoko ditu, 18:30ak inguruan 3. mailako Lizarragako gainetik pasa eta 18:43 aldera Lizarragara heltzeko. Ondoren, Etxarri Aranaztik Arakilgo bidea hartuko du, 19:20etan Urritzolatik Errotzera heldu eta handik Ororbiako helmugara heltzeko.