Agorrilaren 12ko 20:28 aldera Eguzki eklipse osoa izanen da, eta Eguzkia, Ilargia eta Lurraren lerrokatzearen ondorioz, Ilargiak Lurrean itzala eginen du toki batzuetan eta beste batzuetan ilundu eginen da. Eguzki jada oso baxu egonen da, 7° inguru, mendebal-ipar-mendebaldera begiratuko behar da, Aizkorri alderantz, astronomia zalea den Juan Jesus Palomino Mateok gomendatu duenez.
Ohikoak izaten dira eklipseak?
Eklipse partziala egotea errazagoa da. Baina eklipse osoak egotea zailagoa da, ezohikoa da, eguzkia erabat estaltzeko baldintza asko egon behar dute.
Ikusteko, babesa behar da?
Gomendagarriena homologatuta dauden betaurrekoak jartzea da. Eklipseak segundo batzuk iraunen du. Baina eklipse partzial batekin hasten da, eguzkian, pitteka, gero eta orban handiagoa izanen da, eta, ondoren, gero txikiago. Ia bi ordu iraunen du. Interesgarria da guztia ikustea.

Astronomia zaleendako zer suposatzen du eklipse oso batek?
Ziurrenik ez dut gehiago ikusiko. Bestela, bat egonen den toki batera joan beharko nuke.
Non ikusiko duzu eklipsea?
Betaurrekoak erosi ditut. Mendira igoko naiz eta familiarekin arratsaldea pasako dut han. Handik ikusiko dugu. Eta gauean ozar izarrak edo izar euria ikustera. Horiek begi hutsez. Jakina, lainoak badaude, akabo. Horregatik, egun batzuk lehenago eguraldi iragarpena begiratu beharko da eta horren arabera erabaki. Eguraldiak lagunduko ez balu, Erriberara joko genuke, eklipsea ikusten dugula ziurtatzeko. Orain arte izan dugun udarekin, egun hori lainotzea besterik ez da falta!
Astronomiarekin nola zaletu zinen?
Alabagatik. Olentzerori teleskopioa eskatu zion, eta ekarri. Ondoren Interneten teleskopioak begiratzen jarraitu nuen, baita haiekin ikus ditzakezun gauzei buruzko informazioa jasotzen hasi ere. Horrela hasi nintzen eta orain bi teleskopio ditut.
Duela lau urte ez zenuen ideiarik astronomiaz?
Hala da. Mendia gustatzen zait eta Pirinioetan gauez ikusten dituzun izarrekin liluratuta gelditzen zara. Deigarria da.
Eta orain bi teleskopio.
Lehenik eskukoa hartu nuen. Demagun Ilargia ikusten ari garela teleskopio horrekin. Lurraren errotazioagatik Ilargia teleskopioaren ikuseremutik ateratzen da. Eskuzkoetan posizioa etengabe zuzentzen egon behar duzu. Ilargia moduko objektuak ikusteko, ez du inporta, erraza da jarraitzea. Baina nebulosa arinagoak dira eta ikusten zailagoak dira, eta pixka bat nekagarria da haiek jarraitze eta etengabe zuzentzen egon beharra. Eta handipenak jarri nahi badituzu, are zailagoa da, ikuseremutik gehiago ateratzen baita. Zaila da. Bigarren teleskopioa automatikoa da. Ikusi nahi duzuna esaten diozu, koordenatu batzuk sartzen dizkiozu, esaterako, Orionen nebulosa, eta zuzenean apuntatzen zaitu hara, eta denbora guztian hari jarraitzen dio. Hau da, ikusten ari zaren objektua ikuseremuan duzu beti. Izugarrizko aldea da. Eskuzkoa asko gustatzen zait gauzak zure kabuz bilatu behar dituzulako zerorrek. Batzuetan berehala opatzen duzu ikusi nahi duzuna, eta beste batzuetan gehiago kostatzen da.
Zeri erreparatzen diozu?
Galaxiak, nebulosak eta izarrak ikus daitezke. Izarrak oso garbi ikus daitezke. Badira bikoitzak diren izarrak, nahiz eta bakarra balitz bezala ikusi. Esaterako, Ipar izarra izar bikoitza da, bata bestearen ondoan dago. Sistema bitarra da. Halakoak daude bata txuria dena eta bestea urdina, esaterako. Izar kumuluak daude ere, hau da, izar kontzentrazioak. Halakoak ikusteko teleskopioa behar da.
Nola ikasten da zerua begiratzen?
Irakurtzen, eta informatzen. Ni autodidakta naiz, baina, ziurrenik, ikastaroak izanen dira. Mugikorrerako aplikazioak eta planisferioak, zeruko mapak, daude. Konstelazioak ezagutu beharra duzu, eta bakoitzean zer ikus dezakezun jakin behar duzu. Konstelazioetatik abiatuta abiatzen behaketa. Automatikoak berak bakarrik egiten du. Bestalde, planetariora bisitak ikasteko ere balio dute. Duten kupulan dokumentalen bat eman ondoren eguneko zeruaren simulazioa proiektatzen dute. Eta esatariak ikus daitezkeen izarrei buruzko azalpenak ematen ditu. Gauean zeruari begira bazeunde bezala da. Ea planetarioa aurki zabaltzen duten.
Zeruan mitologia ugari dago.
Hala da. Nik erabiltzen dudan aplikazioak izarrak edo izarrak marrazkiarekin erakusten ditu konstelazioak. Izar bakoitzaren kokapena azaltzen du.
Sakana zerua behatzeko, zer?
Nik batzuetan ezin dut eta, bestela, lainotuta dago. Bizpahiru hilabete eman ditzakezu zerua behatu gabe. Izugarria. Gaueko zeruan mugitu egiten da urtean zehar. Beraz, urtean zehar ez dituzu gauza berak ikusten. Esaterako, Oriongo nebulosa neguan ikus daiteke.
Astronomia erakargarria, zergatik?
"Unibertsoaren neurrigabetasuna ezin dugu imajinatu; horrek erakartzen nau"
Pentsatze hutsa zein handia den dena eta zein txikiak garen. Esaterako, kalkulatu dutenez, unibertsoan dagoen izar kopurua mundu guztiko hondartzetan dauden hondar aleak baino gehiago dira. Unibertsoaren neurrigabetasuna ezin dugu ezta imajinatu ere egin. Horrek erakartzen nau. Eta nola sortu da? Dugun ezjakintasun hori. Oso aurreratuta gaude, baina betidanik ikusi izan diren gauzen inguruan ez dakigu ezer.
Hasi nahi duenak, zer?
Ongi informatzea, zer nahi duen jakitea. Laguntza eska diezaiola norbaiti edo elkarteren bati. Haien behaketak zaletzeko modua izan daiteke.