Juniorren XXXX. Iruñerriko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen atzo, uztailak 22, Ororbian. Etapak 108,8 km zituen eta Sakanatik pasatu zen. Hain zuzen ere, Lezaungo gainetik Lizarragako gainera helduta jaitsi ziren txirrindulariak Lizarragara. Segidan Arakilgo bidea hartu zuten, Urritzolatik Errotzera heldu eta handik Ororbiako helmugara heltzeko.
Hasieratik etapa mugitua izan zen. Lehen mailako Girgillanoko jaitsieran izan ziren lehen eraso serioak, eta aurrera egin zuen lau txirrindulariko taldean Luca Martinez lakuntzarra (Tolosa/Danena) sartu zen. Iazko txapeldun Lucas Strahodisnkyk (Purito Cycling Team) atzetik aurrera egin zuen eta ihes egindakoak Lezaungo gainean harrapatu zituen. Etapa ihes egindako bost txirrindularien artean erabaki zen, esprintean, eta Lucas Strahodisnkyk izan zuen pedal kolpe hobea, garaipena lortuaz (2:44:01). Luca Martinez bigarren sailkatu zen, denbora berean.
Sailkapen orokorrari begiratuta, Bastien Ospitalek (Urt Velo 64) eusten dio sailkapen orokorrari. Bigarren bere taldekide Nolan Babayou da, denbora berean, eta hirugarren Eritz Atxega (Ampo), 19 segundora. Luca Martinez da lehen sakandarra, sailkapen orokorrean hemezortzigarren, 2:32ra. Luca mendiko sailkapenean lider jarri da eta lehen nafarra da. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Unai Gomez (Quesos Albeniz) 36. da, Ekai Erdozia (Sakana Group-Aralar) 40. eta Urko Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 54.
Iruñerriko Itzuliko hirugarren etapa Undianon jokatuko da (101 km).