Astekaria

Merezitako aitortza Ongayri

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 28a

Irurtzun klubak eta pilotari eta lagunek omenaldi polita egin zioten pilotari satrustegiarrari. UTZITAKOA

Irurtzungo festetan omenaldi ederra jaso zuen Alberto Ongay Terek.

Irurtzun klubean trebatuta, 2008tik 2013ra Asperekin profesional izan zen eta ondoren Irurtzunera itzuli eta amateur onenekin aritu da. 2014an Munduko buruz buruko txapelduna izan zen Mexikon. Agurra gertu, abuztuaren 14an Satrustegiko festetan ariko da. 

Ongay pilotari satrustegiarrak. Irurtzun klubean trebatuta, aurrelari arakildarra profesional izan zen Asperekin, 2008tik 2013raino. Ez zutenean berritu, afizionatuen mailara itzuli zen eta pilotari amateur onenen zerrendan egon da oraintsu arte. 

Afizionatuen mailako palmaresean, 2007an GRAVN txapelketa, Errege Kopa eta Munduko Kopa irabazi zituen, eta 2007-2008ko Nafarroako Buruz Buruko txapelduna izan zen. Profesional izan ondoren afizionatuetara itzuli zenean, Munduko Txapelduna izan zen Buruz Burukoan, Fernando “Momo” Medina mendean hartu eta gero. 2021ean Irurtzunekin Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionala irabazi zuen, eta 2025ean  Nafarroako Herriz Herri Txapelketa irabazi zuen Irurtzunekin. 

Irurtzun klubak omenaldi polita egin nahi izan zion festetan antolatutako afizionatuen mailako pilota jaialdian. Gertu izan zituen klubako arduradunak eta horrenbeste aldiz bidaide izan dituen pilotariak. Agurra gertu, abuztuaren 14an Satrustegiko festetan ariko da.