Industrial Barranquesa enpresak 2026-2030 estrategia plana egin du. Enpresaren asmoen artean daude tamaina handitzea, industria eta teknologia gaitasunak handitzea, produktuak dibertsifikatzeko eta merkatu berrietara sartzeko aukera emango duten konpainiak erostea. Planaren funtsezko zutabeetako bat nazioarteko merkatuan duen lekua indartzea da. Horrek duen posizionamendua hobetuko duten korporazio erosketak egin nahi ditu.
Barranquesak 8 milioi euroko balioa duen eragiketa egin nahi du. Zeregin horretan Nafarroako Inbertsio Institutuaren (NII) laguntza izanen du, hark Lakuntzako enpresaren hazkunde plana babestuko baitu 5,6 milioiko finantzaketa konpromisoarekin. Era berean, eragiketari esker, lehiakortasuna indartu ahal izango du, energia trantsizioaren eta lehia globalaren erronkei aurre egiteko enpresa dimentsioa gero eta garrantzitsuagoa den sektorean.
Zergatia
Lakuntzako enpresak 60 urtetik gorako ibilbidea duen industria konpainia estrategiko bat indartuko du gobernuak eragiketa horrekin, eta energia berriztagarrien sektorea garatzen lagunduko duelako. Nafarroako Gobernutik azaldu dutenez, "Industrial Barranquesa oso sustraituta dago, eta ekonomia eta gizarte garrantzia nabarmena du, batez ere Sakanan. Ildo horretan, eragiketak Nafarroan erabaki gunea mantentzen laguntzeaz aparte, Nafarroako familia enpresa bati laguntzen dio hazkunde eta sendotze etapa berri batean".
Gobernutik gaineratu dutenez, "akordioaren bidez, Nafarroak energia berriztagarriei eta, bereziki, sektore eolikoari lotutako industria gune gisa duen posizioa indartuko du". Eta nabarmendu duenez, "Industrial Barranquesa aerosorgailuen nazioarteko fabrikatzaile nagusietako batzuen hornidura katean sartuta dago, eta Foru Komunitatean industria gaitasun estrategikoak sendotzen laguntzen du".
Gaineratu dutenez, "konpainiaren jarduerak trakzio efektu handia eragiten du eskualdeko hornitzaile, azpikontratista eta industria zerbitzuetako enpresen gainean". Laburbildu dutenez, "hazkunderako emandako laguntzak Nafarroako industria lehiakortasuna indartzen lagunduko du, enpresa esportatzaile, espezializatu eta nazioarteko presentzia areagotzeko gaitasuna duen enpresa bat babestuz!.
Enpresaz
Industrial Barranquesa 1960an sortu zen Lakuntzan, eta sektore eolikorako osagai metalikoak fabrikatzen espezializatua da, batez ere bernoen kaiolak eta aerosorgailuetarako dorre bridak. Konpainiak dibisio horien bidez garatzen du bere jarduera: Barranquesa Anchor Cages (BAC), Barranquesa India PVT eta Barranquesa Tower Flanges (BTF). Bezeroen artean, berriz, sektoreko nazioarteko fabrikatzaile eta operadore nagusietako batzuk ditu; hala nola, Siemens Gamesa, Nordex, Vestas, Enercon, Acciona Windpower, Windar edo CS Wind.
Gaur egun, Industrial Barranquesak lau lantegi ditu, eta guztira 50.000 metro karratutik gorako azalera osatzen du. Horietako hiru Nafarroan daude: Ezkirotzen, Uharte Arakilen eta Lakuntzan, eta laugarrena Chennain (India). Konpainian 100 langile baino gehiago daude lanean, eta presentzia garrantzitsua du Europa, Ipar Amerika, Latinoamerika, Afrika iparraldea, Ekialde Ertaina eta Indiako merkatuetan.
NIIren helburua
NII, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (CPEN) barruan dagoen sozietate publikoa da. NII enpresa finantzaketako sozietate publikoa da, enpresa inbertsioa katalizatzeko sortua. Garapenerako Banku Publikoaren ereduan oinarritzen den ikuspegiarekin, NIIren helburua da sektore estrategiko industrialei laguntzea, batik bat kapitalean parte hartuz.
Sozietate publikoak Nafarroan inpaktu handia duten proiektuak identifikatu eta babestu nahi ditu, eta 5 milioi eurotik gorako inbertsioak behar dituzten enpresa finkatuak hartzen ditu kontuan. Era horretan, enpresa hazkundearen tresna katalizatzailea da, industria ehuna indartu eta kalitatezko enplegua sortzen baitu, Nafarroako garapen ekonomiko zein sozialerako giltzarriak diren sektoreetan.
Inbertsio erabaki guztiak Inbertsio Batzorde batek onartzen ditu, eta Batzorde hori sektore pribatuko adituek osatzen dute, sektore anitzeko esperientzia eta inbertsioaren arloko esperientzia zabala dutenek. Horrela, inbertsio aukeren kudeaketa teknikoa eta independentea bermatzen da.