Igor Arrieta Lizarraga (UAE Emirates) iaz lortutako garaipena berritzera iritsi zen 103. Ordiziako Klasikora (167 km). Abaltzisketa gaina eta Gaintzako arranpak lotzen zituen zirkuituari bost itzuli eman behar zizkieten txirrindulariek, errepideak betetzen zituzten euskal zaleen animoekin.
Uharte arakildarra UAE-ko taldeburua zen, eta bere taldeak beraren alde lan egin zuen Ordizian. Lasterketa bikaina egin zuen Arrietak, eta egondako erasoei adi egon zen bere taldea. Abaltzisketako gaineko azken igoeran Igor Arrietak eraso gogorra jo zuen helmugarako 9 km-ren faltan. Thomas Silva (XDS Astana) izan zen uhartearraren erritmoa segitu zuen bakarra.
Helmugako esprintean ezbehar mekaniko bat izan zuen Arrietak: pedaleko lotura askatu zitzaion eta eseri behar izan zen, zapatila loturan sartzeko. Thomas Silvak (XDS Astana) ez zuen aukera galdu, eta Ordiziako Klasikoko txapela irabazi zuen (3:54:19), Igor Arrietaren aurretik.
Iker Gomez altsasuarra (Kern Pharma) 59. iritsi zen helmugara, 6:12ra.
Hala ere, esker oneko hitzak izan ditu Igor Arrietak. “Eskerrik asko animatzera gerturatu zineten guztioi” azaldu du sare sozialetan.