CaixaBank Mastersaren bigarren jardunaldia jokatu da asteburuan. Hiru partida jokatu dira guztira, eta sakandarrei dagokienez, Ezkurdiak eta Zabaletak ez dute punturik bildu bigarren jardunaldian, eta Martijak garaipenarekin mustu du txapelketa.
Martijak Lasorekin osatu du bikotea. Luzaideko Arretxe pilotalekuan ekin zioten txapelketari, Larrazabal eta Zabaleta biko zituztela. Larrazabal eta Zabaleta hasi ziren agintzen eta hasieran markagailuan aurreratu ziren, baina Martijak eta Lasok ongi eutsi zioten, eta partidari buelta ematea lortu zuten. Partida bizi-bizian, azken txanpan Martija eta Laso finago aritu ziren eta 22-19, garaipena eta Masterseko lehen puntua lortu zuten. Larrazabalek eta Zabaletak, aldiz, bi jardunaldi jokatu dituzte baina ez dute punturik bildu.
Ezkurdiak eta Albisuk Zabala eta Iztueta izan zituzten aurkari uztailaren 25ean Ermuako Aritzmendin. Zabalak eta Iztuetak ederki jokatu zuten eta Ezkurdia eta Albisu 9 tantotan utzi zituzten, garaipen sendoa lortuz.
Azkenik, Elizondon jokatutako partidan Artola eta Rezustak 17-22 hartu zituzten mendean Altuna eta Imaz.
Sailkapenari begiratuta, Zabala-Iztuetak eta Artola-Rezustak bina puntu dituzte, Elordi-Mariezkurrena II.ak eta Laso-Martijak puntu bana eta Larrazabal-Zabaetak, Ezkurdia-Albisuk eta Altuna III-Imazek ez dute punturik.
Hurrena
Asteburuan Masterseko hirugarren jardunaldia dago jokoan. Uztailaren 31n Altuna III-Imazek Elordi-Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute Oiartzunen. Lizarrako Remontivalen abuztuaren 2an Larrazabal-Zabaletak Zabala-Iztueta dituzte aurkari, eta abuztuaren 4an, Beran, Ezkurdia-Albisu Laso-Martijaren kontra lehiatuko dira.