Uztailaren 25ean elite eta 23 urtez azpiko afizionatuen VII. Robert Innova Saria jokatu zen Villatuertan, Ondalan Txirrindularitza Taldeak antolatuta. 142 kilometroko lasterketa gorabeheratsua zen, ibilbidean lehen mailako Girgillano eta Arradia gainak zituena eta Villatuertako elizako aldapan bukatzen zena.
Lasterketa oso mugitua izan zen, eraso askorekin, eta tropela zatikatuta iritsi zen helmugara. Irabazlea Rural Kutxa-Aleako Nil Aguilera izan zen (3:30:17), behar zenean erasoa jo eta helmugara bakarrik iritsita. 7 segundora bi txirrindulari iritsi ziren, irabazlearen taldekide Mikel Uncilla etxarriarra bertan zela. Uncilla bigarren izan zen (3:30:24), eta Juan Estevan (Vigo-Rias Baixas) hirugarren. Ekain Imaz altsasuarra (Finisher) 52. sailkatu zen (3:40:33).