Astekaria

Sakana Igeriketa Taldea, denboraldi ederra

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 29a

Sakana Igeriketa Taldeko laukotea, Getaria eta Zarautz batu ondoren gustura. UTZITAKOA

Getaria-Zarautz Zeharkaldian ederki arituz despeditu du denboraldia talde sakandarrak. 

Sakana Igeriketa Taldeak uztaileko lehendabiziko asteburuan eman zuen bukatutzat 2025/2026 denboraldia. Klubetik adierazi dutenez, taldearendako “urte bikaina” izan da. Aurtengoa trantsizio urtea izan da, aldaketa askorekin, “baina hasierako eraldaketen ondoren igerilariak eta taldea bera sendotu egin dira, pausoz pauso lan bikaina eginez, eta denboraldi bukaera ederra” izan dute. 

Klubetik gaineratu dutenez, gazte mailetan “oso gogotsu” aritu dira eta ikasturtean barna “asko hobetu” dute. Ane Arregi eta Oihane Razkin monitore berrien, igerilarien, junta berriaren eta gurasoen ahaleginaren ondoren “goraipatzekoa da nolako taldea egin duten; entrenamenduetan zein txapelketetan taldekideek asko animatu diote elkarri”.

Mikel Razkin, primeran
Junior mailan Mikel Razkin nabarmendu da. Ikasturte osoan maila handian aritu da, eta egindako lanari esker Euskadiko Txapelketetan eskatzen zituzten denborak egitea lortu zuen. Uztaileko lehen asteburuan Gasteizen jokatutako Euskadiko Txapelketetan lan bikaina egin zuen: 200 m estiloetan bigarren izan zen, eta proba berean hirugarren geratu da maila absolutuan. 

Denboraldiari bukaera ezin hobea emateko Ane Arregi eta Oihane Razkin taldeko monitoreak, Mikel Razkin taldeko igerilariak, Jose Miguel Razkin zuzendari batzordeko kideak eta bere garaian Sakanako Igeriketa Taldean aritutako Joanek Getaria Zarautz Itsas Zeharkaldian hartu zuten parte. Esperientzia berria eta berezia izan zen eurendako, gustura ibili ziren, eta ikasturte berrira arte atseden hartuko dute.