Urtero bezala, aizkolariek hitzordu garrantzitsua dute Sunbillan: Ramon Latasa Saria. Izen bereko aizkolari handia izandakoaren oroimenez egiten da lehiaketa hau 2002. urtetik. Aurtengoa 23. edizioa izanen da eta, ohi bezala, aizkolari garrantzitsuak lehiatuko dira bertan.
Txapelketa hiru mailatan jokatuko da. Maila nagusian Iker Vicente-Eneko Otaño, Julen Alberdi “Txikia IV”-Arkaitz Etxebeste eta Mikel Larrañaga-Hodei Ezpeleta “Bihurri II”. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu. Abuztuaren 9an jokatuko da, 18:30ean, Sunbillan.
Emakume aizkolarien V. Ramon Latasa Sarian bi bikote ariko dira lehian: Oihana Fernandez-Nerea Sorondo, eta Nerea Arruti-Laiene Pikabea. Bikote bakoitzak 45 ontzako bost enbor moztu beharko ditu.
Azkenik, Gazte Aizkolarien IX. Ramon Latasa Sarian lau bikote ariko dira lanean, tartean hiru sakandar. Oier Mitxelenak Unai Etxeberriarekin osatuko di bikotea, Aritz Oiarbidek Julen Urrutiarekin eta Jon Erdoziak Mikel Santestebanekin. Haiekin batera Igoin Pikabea-Beñat Senosiain lehiatuko dira. Kasu honetan, bikote bakoitzak sei kanaerdiko moztu beharko ditu.
Aizkolariez gain, harri jasotzaileak aterako dira plazara. Patricia Martin-Mikel Lopetegi eta Estefania Etxebeste-Beñat Telleria bikoteek bi txanda izango dituzte. Horretaz gain, Iradi Agirre marka pertsonala gainditzen saiatuko da. 75 kiloko harri errektangularrarekin ahalik eta jasoaldi gehien egiten saiatuko da, hiru minutuko txandan. Adin horretan marka historiko bat lortzen duen lehen emakumea izan nahi du.