Hondakin Zerbitzuak hiru peoi-gidari behar ditu

Guaixe 2026ko irailaren 2a

Hondakin bilketako kamioia Dorraon. ARTXIBOA

Horretarako oposizio lehiaketa deitu du. Errelebo kontratuaren modalitatean ariko dira lanean.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko bilketako peoi-gidariaren hiru plaza betetzeko deialdia egin du. Hiru langileak oposizio lehiaketa bidez beteko ditu Mank-ek. Hauta proba horretan parte hartu nahi duenak izena emateko epea irailaren 17ra arte du zabalik. 

Izangaiek, besteak beste, C motako gidabaimena eta indarrean dagoen Gaitasun Profesionalaren Ziurtagiria (CAP) izan beharko dituzte. Bestetik, B motako gidabaimena eta euskaraz ahozko B1 eta idatzizko A2 mailak egiaztatu beharko dituzte. Euskara maila proba baten bidez egiaztatzeko aukera ere egonen da.

Hautaketa prozesuak merezimenduen balorazioa eta proba teoriko bat izanen ditu. Prozesuaren bidez aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda ere sortuko du Manke-ek. Deialdiari buruzko argibideak sakana-mank.eus webgunean daude.