Pilota

Udako azken torneorako prest

Guaixe 2026ko irailaren 2a

Irailaren 1ean aurkeztu zen torneoa, Logroñon. ASPEPILOTA.EUS

Zabaletak Dariorekin osatuko du bikoa, eta Ezkurdia-Martijak kanporaketa jokatu beharko dute.

Uda bukaerara iristen ari denaren erakusle, udako azken torneoa aurkeztu zuten irailaren 1ean Logroñoko Caja Rioja fundazioan: San Mateo Pilota Feria. Irailaren 18an hasi eta irailaren 27an despedituko da, eta azkenaldian bezala, bi mailatan jokatuko da: A Seriean eta B seriean. Irailaren 26an Urzante Olioa desafioa jokatuko da. 

A Seriean, A multzoko bikoteak Jaka-Mariezkurrena eta Zabala-Rezusta dira; Artola-Albisuk eta Larrazabal-Iztuetak irailaren 18an Adarragan jokatuko duten kanporaketatik aterako da hirugarren bikotea. B multzoan, aldiz, Laso-Landa eta Dario-Zabaleta dira konfirmatuta dauden bi bikoak. Ezkurdia-Martijak eta Altuna-Bikuñak irailaren 19an Adarragan jokatuko duten kanporaketatik aterako da hirugarren bikotea. Altuna kanporaketetan kokatzeak hautsak astindu ditu. 

B Seriea
B seriean, A multzoko bikoteak Peña-Salaverri, Elordi-Eskuza eta Zubizarreta-Aranguren eta Amiano-Eskirozen kanporaketaren irabazlea izango dira. B multzokoak, Senar-Imaz, Peio-Etxeberria-Loza eta Salaberria-Gaskueren eta Murua-Gabirondoren arteko garaileak. 

Sarrerak salgai daude Entradasfronton webgunean.