Maren Diaz Urdiainen bizi da eta 15 urte ditu; Ixone Adan Altsasun bizi da eta 13 urte ditu; eta Oneka Gastaminza, berriz, Ziordian bizi da eta 13 urte ditu. Hirurak gazteak izan arren, hainbat urte daramate zaldiekin eta hipikaren munduan murgilduta.
Marenek eta Ixonek Urdiainen hasi zuten haien bidea, Errotainen. Bertan, zaldiekin lehen kontaktuak izaten hasi ziren eta gerora, Aguraingo Hipikan hasi ziren, gaur egun Gopegin dagoena. Onekak zuzenean bidea Gopegin hasi zuen, Ixonek, bere klasekideak, egiten zuena ikusi eta gero.
Hiru neska gazteek animaliak gustuko dituzte eta, horregatik, hasi ziren hipikan. "Beste animalia batekin harremana duzu, eta konfiantza asko lantzen duzu", adierazi du Marenek. Gainera, hirurek animaliekin duten harremana azpimarratu dute: "Harreman horrek hipikan garrantzia handia du". Bakoitzak bere zaldia dauka: Marenenak Pia izena dauka, Onekarenak Jotake eta Ixonerenak Goldako Mapolka.
Etxea
Asko entrenatzen dute, ahal duten guztietan. Onekak dio: "Hipikara heldu, zaldia prestatu, ura edan eta entrenatzailearekin hitz egiten dugu". Gero, entrenamenduari hasiera ematen diote. Egia da beti ez dutela entrenamendu edota errutina berdina egiten. "Oso irregularra" izaten dela dio. Marenek: "ordu asko eskaintzen dizkiogu". Gainera, familiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du ere: "oso sakrifikatua da, baina ez bakarrik guretako, gure familiendako ere bai". Izan ere, entrenamendu bat oso luzea izan daiteke. Onekak dioen bezala: "entrenamenduak ez dira ordu batetik bestera egiten den zerbait". Ixonek azaldu du: "Hori da, bertara heldu, zaldia prestatu, entrenatu, dena jaso… ordu asko dira". Hipikaren oinarritzat, beraz, "amazona, zaldia eta familia" direla azpimarratu nahi izan dute.
Hipika ez da bakarrik entrenatzeko leku bat. "Etxe" baten moduan sentitzen dute neskek. Onekak esan duen bezala: "Nahi dugunean joan gaitezke, zaldiekin egotera, paseoak ematera. Gainera, batzuetan ere ekintzak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Adibidez, zaldiaren anatomiaren inguruko hitzaldi bat". Beraz, entrenamendu eta lehiaz aparte, hipika haien bizitzen parte sentitzen dute.
Lehia
13 eta 15 urte dituzte eta ponien C kategorian lehiatzen dira. Lau modalitate daude gainera: doma klasikoa, saltoak, Raid-a eta lehiaketa osoa. Zehazki, Raid-ean lehiatzen dira neskak, talde gisa. Bertan, ingurune natural batean markatutako ibilbide batean, kilometro zehatz batzuk egin behar dira, aurretik ezarritako denbora tarte batean. Gainera, une oro zaldiaren abiadura, berreskuratzeko gaitasuna eta zaldiaren erresistentzia kontrolatu behar dira.
Ibilbidea kontrol puntuetan banatzen da, eta zaldia kontrol puntuetatik pasatzen den guztietan zaldiaren egoera arauak ezarritakoa izan behar du. Arauren bat ez betetzekotan, esate baterako, zaldiaren bihotz-maiztasuna altuegia izatea, denbora tartetik kanpo iristea… kaleratzea suerta dezake.
Aurten, hiru neskak, haien beste bi taldekideekin batera, Euskal Selekzioarekin Espainiako txapelketan aritu dira pasa den ekainean. Bertan, bigarren postua lortu dute. Esperientzia "oso polita" izan dela esan dute hirurek. Ixonek esan du: "Prestaketa prozesu luze bat da, abendutik egon ginen horretarako entrenatzen".
Esan bezala, Raid-aren modalitatea, talde modalitate bat da, zeinetan helburua ibilbide zehatz bat ahalik eta denbora egokienean egitea da, aurretik markatutako denbora bat errespetatuz. Eta garrantzitsuena, zaldiaren osasuna eta ongizatea errespetatuz une oro. Talde-lan bat den heinean, bakoitzak paper bat jokatzen du. Ilara batean doaz, lehenengoak denbora eramaten du, erdikoek erritmoa eta azkena orokorrean dena ongi doala begiratzen doa. Normalean, paper bera egiten du bakoitzak. Marenek eta Ixonek denboraren ardura izaten dute eta Onekak erritmoaren kontrola eramaten du.
Talde batean, ezinbestekoa da taldekideen arteko harremana. Eta kasu honetan, neskena zein zaldiena ere. Hipika eta zaldiketaren munduan, zaldia muntatzen duena, amazona da, emakumezkoaren kasuan. Eta honek zaldiarekin batera sortzen duen batasuna binomio izena hartzen du.
Diziplina hau aukeratu zuten, besteak beste, beste diziplinak banakakoak direlako eta Raid-ean talde harremana gehiago lantzen delako. Eta hiru neskek etengabe azpimarratu nahi izan dute talde harremanaren garrantzia.
Harremanak berebiziko garrantzia duenez ordena "oso garrantzitsua" dela dio Onekak. "Adibidez, bi zaldik ez badute oso harreman ona, ezin ditugu elkarrekin jarri". Eta horrela harmonia mantentzen saiatzen dira.
Uzta
Aurtengo denboraldian emaitza onak Raid-ean lortu badituzte ere, beste modalitateetan ere entrenatzen dira. Zehazki Ixonek eta Marenek lehiaketa osoa egiten dute, hau da, doma, saltoak eta kross-a. Onekak Trek, orientazioan datzana gehienbat.
"Denboraldian zehar, gorabehera handiak daude", Maren. Onekak azaldu du: "Badaude egunak oso baxu zaudela eta ez duzula entrenatzera joan nahi, ez duzula gogorik. Baina, gero lortzen ditugun emaitzak eta aurrerapenak ikusten ditugunean, atzera begiratu eta eskertzen duzu joan izana".
Prozesu horren emaitzak ikusteak motibazio handia ematen diela adierazi dute hirurek. Garapenei dagokienez, atzera begiratu eta aurrerapauso handiak eman dituztela ikusten dute: "muntatzen ikasi dut", Oneka. "Nire zaldia gehiago ezagutzen dut eta horrekin asko hobetu dut". "Konfiantza gehiago daukat nigan eta orain badakit zer egiteko gai naizen", Maren.
Emozioek ere garrantzia handia dutela azpimarratu nahi izan dute. "Guk egun txarrak izaten ditugun bezala, zaldiek ere eta hori notatzen da.", Oneka. Gainera, buru osasunaren garrantzia ere azpimarratu dute. Bakoitzak bere buruarengan konfiantza izatea eta haien buruak kontrolatzea ezinbestekoa dela diote, dena ongi joan dadin.
Onekak, Ixoneri esker ezagutu zuen hipikaren mundua eta, beraz, hirurek pertsona guztiei gonbidapena zabaltzen diete probatzera. Kirol hau ez da oso ezaguna, edo hobeto esanda, ez du ematen eskuragarri dagoenik. Marenek azaldu du: "Nik uste geroz eta ikusgarritasun handiagoa duen kirol bat dela, baina oraindik badagoela jendea uste duena hemen ezin dela egin".
Etorkizunari begira, hiru gazteek argi daukate hipikan eta zaldiekin jarraitu nahi dutela. Lehiaketetan parte hartzen, entrenatzen… "Zaldiekin jarraitu, lasterketak egin, entrenatu… eta gauza handiagoak egiten", jarraitu nahi duela adierazi du Ixonek. Badute datorren denboraldirako helburu argi bat: Espainiako txapelketan urrea lortzea. Beraz, hiru neska gazteek gogor entrenatzen jarraituko dute, haien helburuak lortzen jarraituz.
