Euskararekin gehiago

Ez dago buelta gehiago eman beharrik: ikasi edo hobetu euskara

Guaixe

AEKko ikasle eta irakasleak euskaltegiaren 30. urteurren galan. ARTXIBOA

Euskaltegiko matrikula %100ean diruz lagunduta dago.

Euskaltegietako matrikulazio epea irekitzearekin batera, Sakanako herritarrak euskara ikastera edo hobetzera eta, horretarako, euskaltegian izena ematera animatzen ditu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Ibarreko erakundeko euskara teknikariek jakinarazi dutenez, "aurten Mank-ek bikoiztu egin du euskara ikasleendako dirulaguntzaren dirusaila, 25.000 eurotik 50.000 eurora pasatuz". Onuradunek, gehienez ere, 1.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete. Euskara teknikariek gaztigatu dutenez, "2025-2026 ikasturteko dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean despedituko da".  

Euskara ikasleek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak eskatzeko aukera dute ere. "Baina horiek ikasturte hasieran eskatu behar dira, azaroaren 3ra arte", jakinarazi dute. Gaineratu dutenez, "ikasturte berrian hasiera mailako ikasleek (A1 eta A2 mailak) gobernuaren %100eko dirulaguntza jasoko dute. Gainerako mailetan 475 eurora arteko dirulaguntza jaso dezakete".

Teknikariek jakinarazi dutenez, Mank-en eta gobernuaren dirulaguntzak bateragarriak dira, beraz, bien artean euskara ikasleek matrikularen %100 estaltzea espero da (beti ere, gehienezko dirulaguntza gainditzen ez bada). "Modu horretan, sakandarrek ez dute udalean dirulaguntzarik eskatu beharrik izanen, tramitea sinplifikatuz".

Herrietan ere
Euskaltegiek bost hamarkada daramatzate Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen. Sakanan, AEKren Itsasi euskaltegiak maila guztiak eskaintzen ditu, goizez nahiz arratsaldez. Malgutasun handiagoa behar duenak autoikaskuntza aukeratu dezake. Euskaltegiak Altsasun du egoitza, baina gaur egun, Irurtzunen, Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen ere euskara ikasteko taldeak daude. Taldea sortzen bada, beste herrietara ere joateko prest daude.

Bestalde, klaseen osagarri, ikasleek euskara praktikatzeko Mintzakide programan parte har dezakete. Euskara ez erabiltzeagatik "erdoildu" egin zaionak edo euskaraz dakitenen pertsonen sarea zabaldu nahi dutenek ere parte har dezake Mintzakiden. Izen ematea dohainik da. 

Euskaltegien eskaintzaren eta dirulaguntzen berri izan nahi duenak Euskara Zerbitzura jo dezake: euskara2@sakana-mank.eus e-postara mezua idatziz edo 948 464 840 telefono zenbakira hots eginez. Informazioa ere Elaide.eus webgunean opa daiteke.