Uharte Arakilgo Artzain Eguneko gazta azokan hainbat gaztandegitako salmahaiak zeuden. Haietako lau sakandarrenak ziren. Beroteak lehen sektorean utzi duen arrastoaz iritzia eman zuten. Aitor Campion Ganboa Arruazuko Albi gaztandegikoa da eta esan duenez, "urtero zeruak ematen digunarekin moldatu behar dugu. Eta aurten pixka bat zailago jarri digu". Unanuko Beriain gaztandegiko Isabel Balda Mercerok gogorarazi duenez, "udaberrian euri asko egin zuen, maiatzera arte. Baina ekainetik ez du euri arrastorik egin. Eta, geroz, larreak eta dena oso seko daude. Nahiko gaizki. Nik uste dut halako uda txarrik ez dugula ezagutu inoiz. Eguraldia makurtzen joan da". Altsasuko Larrezabal Eco gaztandegiko Patxi Amillano Garasak unanuarraren esanak berretsi ditu: lehorte ikaragarria etorri da eta orain lehortea sufritzen ari gara. Ahal dugun bezala moldatzen gara. Bertako animaliekin lan egiten dugu eta hori gure alde da. Zeren animaliak ohituta daude halako estualdiak pasatzen. Espero dugu buelta ematea". Baldak azaldu duenez, moldatzea "nahiko zaila izan da". Uharte Arakilgo Sustrai gaztandegikoa da Unai Martinez Sebastianek esan laburbildu duenez, "aurten makal. Batez ere uda partean. Baina biziraun dugu".
Ganaduzaleek aurten belarra sekula baino lehenago sartu zuten biltegietara, maiatza akaberarako. "Beharrik", esan du Baldak. Campionek azaldu duenez, "zelaiak ongi lehortu ziren eta bazirudien izugarrizko urtea izanen zela. Bigarrena egiteko zain geunden, eta hala segitzen dugu. Belarrak euririk gabe ez dute aurrera egiten. Ezin izan genuen nahi bezainbat jan egin udaberrian". Martinezek esan duenez, sartutakoa belar "ona" da. "Hainbat belarditan bi belar mozketa egin ditugu. Ondoren lehortea etorri da".
Amillanok azaldu duenez, "ekologikoan lan egiten dugu eta belardietan lan asko egiten dugu, etxeko belarrak ahalik eta goxoenak egiteko. Udaberri hasiera oso atzeratua izan genuen. Ondoren eguzkia atera zen, baina mozteko adina ez zegoen. Eta, gero, pixka bat pasa egin zen. Hala ere, etxerako moduan bildu dugu". Hiru belar mozketa egitekoak dira eta aurten larre batzuetan bakarra eta besteetan bigarrena egin dute, "baina oso gutxi jaso dugu. Kalitate kaxkarrekoa, gainera". Campionek argitu duenez, "ekoizpen ekologikora pasa gara orain. Jateko ekologikoa erosi beharra dugu. Ohikoa ez badago, ekologikoa gutxiago".
Laurek ere zalantza dute sartutako belarrarekin nahikoa izanen duten: "hasieran baietz zirudien, baina uda honekin, orain zalantza dugu neguan ongi edo estu ibiliko ote garen", esan du Martinezek.
Ikuiluan eta mendian
Beraz, negurako gordeta zuten bazka orain ari dira ardiei ematen. Amillanok azaldu duenez, "ardiak etxean izaten ditugu eta saiatzen gara ahalik eta gehien zaintzen. Bazkarekin eta urarekin laguntzen diegu. Saiatzen ari gara ardiak ahalik eta gutxien sufritzea. Zeren tenperaturagatik eta bazka faltagatik sufritzen ari dira. Aurten aurrera egiteko komeriak".
Baldak esan duenez, "ardi batzuk Andiara, Leizago alderdira, igo genituen. Baina beraiek bakarrik etorri ziren herrira. Sobra ere, ez zegoen janik. Oso gutxi, hilabeteren bat eginen zuten mendian. Orain belarra eta pentsua ematen ari gara. Barruan ditugu ardiak, zeren kanpoan ez dago ezer". Ubertearren artaldea Beriain magalean dago, ahariekin. "Han ere jateko gutxi dago. Pixka bat lagundu behar zaie, eta belar bolak eramaten dizkiegu. Tarteka ikuilura ere jaisten ditugu, ura ondo edateko. Zeren mendi magalean leku guztietan ez dago urik", esan du Martinezek.
Arbazuarrek artaldea Aralarrera igo zuten. Baina "ahulen zeuden ardiak abuztuko hirugarren astean jaitsi ditugu. Antzu zeuden eta behean ernaltzen lagundu ditugu. Bildotsak ere normalean baino lehenago jaitsi ditugu, uztaila akaberan. Baina oraindik artaldearen erdia edo mendia dugu. Ernaldutako ardiak dira". Campionek gaineratu duenez, "ez dakit zer jan eta edaten duten, baina momentuz ongi daude. Ardiak beti opatzen du hostoren bat-edo. Izan ere, lurrean ez dagoenean ardia arbolen parean tentetu eta hostoak jaten ditu. Pentsu pixka batekin lagunduta, horrela ari gara moldatzen". Behean dituzten ardiak "larreetan 'paseatzen' daude, larreak erreta daudelako". Arbazuarrak aitortu duenez, "jarraipen berezia egiten ari gatzaizkie. Zeren hain ongi ez daudela ikusten dugunean behera jaitsi eta jana eman beharko diegu".
Ernaltzea
Martinezek jakinarazi duenez, ardiak ernalduta badaude negurako bazka eman dietelako izan da. Zainketa hori azpimarratu du Baldak, "belarra, pentsua eman. Aurrekoan ekografiak egitekoak ziren, nola zeuden jakiteko". Amillanok azaldu duenez, "estalketak orain izan ditugu. Nahiko motel hasi ziren. Gero hobetu da. Orain itxaron behar, ongi estalduta ere bueltak etor daitezkeelako". Arrisku hori aipatu du Campionek ere: "momentuz, ernalduta daude, itxura onarekin. Baina zaindu beharra dago, umea gal dezaketelako. Eta umea galtzen badute, ez badago arkumerik ez dago esnerik. Eta esnerik ez badago, ez dago gaztarik".
Baldak azaldu duenez, arkumeak eguberritan saltzen dituzte. Campionek jakinarazi duenez, "Kalaska kooperatibako kideak gara eta arkumeen salmenta zuzena ere egiten dugu. Sumatzen dugu. Lehen arkumeak ez zuen etxean diru askorik uzten. Baina orain zuzenean salduta, bitartekari guztiak kenduta, puskatxo bat uzten du". Amillanok nabarmendu duenez, "gure latxa arkumea, esne arkumea, kalitate handikoa da. 6-7 kilorekin saltzen da. Jendea arkumea probatzera gonbidatzen dugu. Zeren jende gazteak gero eta gutxiago probatzen du arkumea. Eta oso kalitate handiko arkumea dugu.
Beste aziendak
Ardiez aparte, abeltzain sakandarrek zaldi eta behi azienda ere badute. Buru horiek guztiek orain mendian egon beharko lukete, baina Martinezek jakinarazi duenez, bazka eta urik ez dagoenez, menditik jaitsi behar izan dituzte. Ganaduzale guztiak berdin dabiltzala berretsi du Amillanok eta Baldak.
Campionek argitu duenez, "behor eta behi asko ardiak baino lehen jaitsi dituzte menditik. Ardiak ez du hainbeste behar eta pixka bat gehiago moldatzen da". Aralarrek jasaten duen kargari erreparatu dio arbazuarrak: "behorrak, 500 buru ingurutik 1.000 burura pasa egotera gara bost urtetan. Azienda kopurua Aralarren pila igo da eta horien guztiendako jana eta ura... Zerbait egin beharra dugu, zeren mendiak ez dio denari eusten. Edo hori ongi kudeatu beharra dago. Baina nola aztertu beharko da".
Klima aldaketa
Adituek iragarri dute halako beroteak ohikoak izanen direla etorkizunean. Horren aurrean, ubertearrak esan duenez, "ohiturak aldatu edo moldatu beharko ditugu. Negu partean kanpoan eduki eta udan ikuilura sartu. Lehen egiten zenaren kontrakoa. Zeren neguak ez dira hain latzak, eta ardiak kanpoan egon daitezke". Unenuarrak: "halako beroak, penagarria da. Kezkagarria. Urte asko dira bero handiekin. Zerbait pentsatu beharra dago, bai".
Arbazuarrak "orain arteko" errezetari erreparatu dio: "moldatu, ahal bezain ongi egin. Eta ikusi zer baliabide dauden, zer aukera dauden, zer gertatzen den". Altsasuarrak esan duenez, "argi dago gure aldetik egokitzapena egon behar duela. Garai berriak etorri behar direla. Ea gai garen. Sektore indartsua gara. Saiatuko garela ziur nago. Ea lortzen dugun! Zeren, halako estualdiekin, gerta daiteke bidean ere jendea gelditzea. Uste dut sektore heldua garela, sektore indartsua garela eta egokituko garela".
Amillanok esana: "hurrengo negua nola izanen den begira gaude dagoeneko". Campionen nahia da "ea negua ez den gehiegi luzatzen eta udaberria bere garaian hasten den". Zeruari begira, Martinezek: "udazken euritsua izatea eta belarra ateratzea. Bestela, etxeko jana agortzen bada, zerbait begiratu beharko da". Baldak nabarmendu duenez, "euritan hasiko den esperantza dugu. Baina gauza ongi jartzeko euri asko egin behar du".



