Astekaria

Futbolarien dantza

Maider Betelu Ganboa

Maitane Vilariño denboraldian murgildua dago, Athletic taldearekin. ATHLETIC CLUB

Oier Gastesik eta Joseba Perezek talde berrietan jokatuko dute. Aldiz, Maitane Vilariñok eta Irati Igoak talde berberetan segituko dute. Talde nagusietako harrobietako futbolari sakandarrak dagoeneko lanean daude.

2026/2027 futbol denboraldia martxan dago kategoria batzuendako, eta beste batzuk hastear daude. Emakumeen futbol profesionalean ez da aldaketarik egon, baina gizonezkoetan, ordea, nobedadeak daude. Kluben harrobietan, zer esanik ez.

Oier Gastesi Serrano (2003-10-30, Altsasu) 2022. urtetik Athletic-eko atezaina izan da. Athletic-eko jubeniletan, hirugarren mailako Baskonian, Bilbao Athletic-en eta lehen mailako Athletic-en jokatu izan du. Iaz 1 RFEF mailako Getxoko Arenas Club-ean jokatu zuen, utzita. Aurten, ordea, bide luzeagoa hartu du; Athletic-ekin zuen kontratua despedituta, Teneriferekin fitxatu du urte baterako, Tenerifeko bigarren taldean jokatzeko, 2 RFEF mailako CD Tenerife B taldean. Hain zuzen ere 2 RFEF mailako denboraldia hastear dago. Laugarren multzoko lehen jardunaldian Tenerife B-k Badajozen kontra jokatu zuen igandean, Badajozen, eta 2-1 galdu zuen. Irailaren 13an Tenerifek Club Atletico Central hartuko du (11:00). 

Joseba Perez Fernandez jokalariak (2008-03-05, Lakuntza) 2022an fitxatu zuen Villarreal taldearekin. Kadeteen eta juniorren mailan aritu zen Villarrealen, eta Valentziako selekzioan ere bai. Hegaleko jokalari ezkerrari iaz kontratua bukatzen zitzaion, eta Betis taldearen eskaintza onartuta, azkeneko denboraldian Ohorezko Mailako Betis taldearekin aritu zen. Aurten aldaketa egin du Logroñes taldera. Estatuko Ohorezko mailako Jubenil mailan jokatuko du, Logroñesekin.

Vilariño eta Igoa, mugitu gabe
Gure emakume futbolari profesionalek euren taldeetan segituko dute aurten. Maitane Vilariño Mendinuetak (2002-06-30, Olazti) 2027ra arte sinatu zuen Athletic-ekin, eta hirugarren denboraldia du Lezaman. Liga F edo lehen mailako Athletic Club taldeko aurrelariak dagoeneko 2026/2027 denboraldiari ekin dio. Lehen jardunaldian Athletic Clubek 3-1 hartu zuen mendean Levante Badalona Lezaman jokatutako partidan, eta Vilariño titularra izan zen. Bigarren jardunaldian Logroñoko bidea hartu zuen Athletic-ek, eta irailaren 6an, Las Gaunasen, 0-1 irabazi zion Logroño United taldeari. Sailkapenean hirugarren da Athletic Club eta irailaren 12an Espanyol de Barcelona taldea hartuko du Lezaman (12:00). 

Irati Igoa Sesmak (2001-03-29, Etxarri Aranatz) emakumezkoen Osasuna talde nagusiarekin 2028ra arteko kontratua du. Osasunak 1 RFEF mailan jokatzen du eta Etxarri Aranazko aurrelaria taldeko pieza nagusietako bat da. Taldeak iaz ez zuen Liga F edo lehen mailara igotzea lortu, eta aurten enegarrenez saiatuko da ekinaldi honetan. Momentuz lagunarteko partidak jokatzen ari da Osasuna –abuztuaren 29an Zaragozari 1-4 irabazi zioten gorritxoek–, eta 1 RFEF mailari irailaren bigarren asteburuan ekingo dio. Lehen jardunaldian Osasunak Real Madrid B hartuko du Taxoaren, irailaren 13an, 12:00etan.

Oier Gastesi Tenerifera joan da eta Joseba Perez Logroñesera; Maitane Vilariño eta Irati Igoa ez dira Athletic-etik eta Osasunatik mugitu

Harrobiak, bizi-bizi
Harrobietako mugimendua, betiko moduan, bizi-bizia da. Egon diren bestelako mugimenduen artean, Athletic Club-ek Danel Agirre Baz kadetea (2011-01-19, Etxarri Aranatz) fitxatu du eta gazteak Lezamako bidea hartu du, kadeteen Euskal Liga mailan Athletic-ekin erdilari jokatzeko. Osasunari dagokionez, Aitor Saralegi Nagore defentsak (2007-11-22, Irurtzun) Osasunako hirugarren taldean, 2 RFEF mailako Subizan jokatuko du, eta Djiby Diouf erdilariak (2008-01-01, Lakuntza) ere bai. Luar Nagore Etxarte atzelaria (2009, Irurtzun) Osasunako Valle de Aranguren jubenilen taldean dago. Bukatzeko, Julen Estarriaga Villarroel (2013-09-20) Osasuna taldeko jokalaria izango da harrobian, Txantrean aritu eta gero.

Bestalde, Adei Mendinueta Perez de Villarreal defentsak (2008-01-08, Arbizu) Logroñes taldeko jubenilen taldean jokatzen du. Aipatutakoez aparte, makina bat sakandar dago bestelako maila eta kategorietako taldeetan.