Abuztuaren 9an jokatu zen 23. Ramon Latasa Saria aizkora txapelketa entzutetsua. Txapelketaren barruan Gazte Aizkolarien IX. Ramon Latasa saria zegoen. Hiru sakandar lehiatu ziren: Oier Mitxelenak Unai Etxeberria "Osinalde"-rekin osatu zuen bikoa, Aritz Oiarbidek Julen Urrutiarekin eta Jon Erdoziak Mikel Santestebanekin. Haiekin batera Igoin Pikabea eta Beñat Senosiain lehiatu ziren. Biko bakoitzak sei kanaerdiko erdibitu behar izan zituen. Mitxelena-Osinaldek eta Pikabea-Senosiainek lehia oso estua izan zuten azken bi enborretaraino; azkenean, Mitxelena-Osinalde txapel preziatua jantzi zuten, 10 segundo aterata. Erdozia-Santesteban hirugarren eta Oiarbide-Urrutia laugarren izan ziren.
Erdozia eta Oiarbide, Nafarroako finalera
Abuztuaren 14an Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen Donamarian. Hamar bikote lehiatu ziren, eta lehen bostek lortu zuten irailaren 27an Uharte Iruñean jokatuko den finalerako txartela. Tartean daude Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide, sailkapenean bigarren eta hirugarren. Patxi Igoa zortzigarren sailkatu zen.