Memoria ariketa 90. urteurrenean

Guaixe

Sakanan 1936ko estatu kolpearen ondoren errepresioa jasan zuten pertsonak oroitzeko ekitaldia izan zen Otsaportilloko lezearen inguruan, irailaren 6an. Irañeta eta Uharte Arakilgo udalek antolatu zuten aurtengo omenaldia.

Irailaren lehenengo igandean Otsaportilloko memoria ekitaldia izan zen aurten ere Urbasako lezearen in guruan. Irañeta eta Uharte Arakilgo udalek antolatu zuten aurtengo ekitaldia, eta bi udalen izenean Susana Azkona Biurrun eta Arkaitz Los Arcos Bertiz zinegotziek hartu zuten hitza. Esan zutenez, "leize honek ez du oinaze lekua bakarrik izan behar. Duintasun, itxaropen, erreparazio eta justizia lekua delako". Pasatakoaren memoria transmititzearen beharra ere nabarmendu zuten. 

Ana Ollo Hualde bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak duela 90 urteko indarkeria gogoan izan zuen. Sakanan memoria hura gorde dela azpimarratu zuen eta, gaur egunera begira, ultraeskuinaren aurrerapenean jarri zuen arreta. 

Ekitaldiaren aurkezlea Pantxika Lamour pailazoa izan zen. Berak eman zien hitza batzuei eta besteei. Erakundeetako ordezkariez aparte, Nerea Balda Sanjuan olerkariak eta Fermin Balentzia kantariak parte hartu zuten ekitaldian. Txalapartariek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta aurreskua ere dantzatu zen. 

Izen-abizenak
Jose Ramon Andaren eskulturaren aldamenean Otsaportilloko lezean eraildako eta identifikatutako gizonen zerrenda jasotzen duen plaka bat mustu zuten. Hura agerian utzi zuten eraildakoen senideek. DNA frogek identifikazio gehiago emate dituztenean izen berriak planak gehituko dituztela jakinarazi zuten bi udaletako ordezkariek. 

Momentuz, honako izen-abizenak ageri dira plakan: Meliton Aguirre Lecea, Claudio Doroteo Dieguez Loza, Francisco San Roman Galbete, Domingo eta Francisco San Roman Ochoa, Jose Ubeda Sanchez, Victor Urquijo Tobalina, Miguel Vergara Bereau, Julian Ortiz de Lazcano Gonzalez de Matauco, Emilio Garcia Izquierdo, Adelino Gil Gonzalez, Sabino Lizarraga Martinez de Bujanda eta Faustino Rubio Bujanda.